Abian da San Kristobal, Polonia Etxeberria eta Urki asfaltatzeko lizitazioa

Abian da San Kristobal, Polonia Etxeberria eta Urki asfaltatzeko lizitazioa
2026/05/06 11:14
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik San Kristobal, Polonia Etxeberria eta Urki auzoetako zenbait bide asfaltatzeko lizitazioa aurkezteko epea. Obrak 4.500 metro koadro baino gehiagoko azaleran egingo dira.

Zehazki, San Kristobal kalean jardungo da, Sostoatarren eta Ubitxa kaleen arteko bidegurutzean; Polonia Etxeberria kalean, 24. atariaren eta Antonio Iturrioz kalearen artean; eta Urki auzoan, 23. eta 21. atarien arteko tartean. Udalak azaldu duenez, esku-hartze horien bidez erabileraren eta denboraren poderioz higatutako hainbat puntu hobetu nahi dira.

Udal iturriek nabarmendu dutenez, jarduketa “orekatua” diseinatu dute, hainbat auzotan aldi berean lan egiteko aukera emango duena, auzotarrei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko. Lanek zortzi asteko iraupena izango dute, eta aurrekontua 199.380,50 eurokoa da (BEZa barne).

Bestalde, adierazi dute apiriletik aurrera auzozainek jasotako informazioari esker auzoetako beharrak zehaztasun handiagoz identifikatu ahal izango dituztela, auzo-bileretan hartutako konpromisoekin batera.

Udalak azpimarratu du mota honetako esku-hartzeak hiri-azpiegituraren etengabeko mantentze-lanen barruan kokatzen direla, eta helburua dela herria baldintza onenetan mantentzea eta espazio publikoen narriadura saihestea.