Abuztuan hasiko dituzte Txomoko parkea birmoldatzeko lanak

380.483,59 euroko aurrekontua duen proiektuak 20 asteko iraupena izango du, eta udalak hirigintzako beste hainbat egitasmoren berri ere eman du.
Abuztuan hasiko dituzte Txomoko parkea birmoldatzeko lanak
2026/07/13 14:14
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak abuztuan hasiko ditu San Andres ikastetxearen ondoko Txomoko parkea birmoldatzeko eta hobetzeko lanak. Auzokideen eskaerari erantzunez egingo den proiektua lizitazio fasean dago, 380.483,59 euroko aurrekontua du eta obrek 20 asteko iraupena izango dute. Aurreikuspenen arabera, urte amaierarako amaituta egongo dira.

Udalaren arabera, jarduketaren helburu nagusietako bat parkeko erabiltzaileen eta inguruko bizilagunen arteko elkarbizitza hobetzea da. Horretarako, Obra Sailak hainbat aukera aztertu ditu auzokideekin batera, eta adostasunez aukeratu dute gauzatuko den proposamena.

Birmoldaketaren ondoren, parkeak jolaserako bi gune mantenduko ditu: ikastetxearen ondokoa eta atzealdekoa. Horiez gain, forma eta tamaina ezberdinetako jardinerak jarriko dituzte, espazioa berdeagoa bihurtu eta erabilerak hobeto antolatzeko.

Hirigintzako beste proiektu batzuk

Txomoko parkearen berritzea udalerriko espazio publikoak hobetzeko estrategiaren barruan kokatu du Jon Iraola alkateak. Ildo horretan, Arragueta kaleko eta San Juan kalearen atzealdeko berrurbanizazio lanak nabarmendu ditu, eta gogorarazi du Bustinduitarren kaleko obrak duela hilabete batzuk amaitu zirela. Halaber, adierazi du udalaren asmoa dela 2027an Julian Etxeberria kalean eta gaur egun zezen-plazak hartzen duen lursailean jardutea.

Hirigintzarekin lotutako beste hainbat egitasmoren berri ere eman du alkateak. Azaldu duenez, Urki Kurutzekua parkea estali ondoren, Txomoko parkearen birmoldaketari ekingo diote. Era berean, herritarrek, bereziki neguan, haurrentzako gune estali gehiago eskatu dituztela adierazi du. Gaur egun, behar horri Txaltxazelaiko epaitegiaren ondoko parke estaliak eta Errebal Plazak erantzuten diotela azaldu du, eta laster Hijos de Gabilondoko plaza estalia ere erabilgarri egongo dela gaineratu du.

Bestalde, udalak Torrekuako adinekoentzako gizarte-zentroaren ondoko parkea berritzeko lanak egingo dituela iragarri du. Proiektuaren barruan, petanka-gune berri bat ere egokituko dute.

Etorkizuneko egitasmoei dagokienez, Estaziño eta Azitain arteko trenbideen gaineko pasealekuaren harrera ona nabarmendu du udalak, eta jakinarazi du gaur egungo zezen-plazaren lursailean parke berri bat diseinatzeko ideia-lehiaketa martxan jartzea aurreikusten duela.