Adinekoak bizitza duinaren alde mobilizatu dira

Adinekoak bizitza duinaren alde mobilizatu dira
2023/10/09 12:37
eta kitto!
Astelehenero bezala, gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute Eibarko Pentsiodunen Taldekoek, Untzagan. Gaur 150 lagun inguru elkartu dira eta aurreko asteko mobilizazioaren inguruko balorazioa egin dute: “Joan den astelehenean Adinekoen Nazioarteko egunaren harira, egoitzetako senideen elkarteekin batera 5.000 pentsiodun inguru mobilizatu ginen Hego Euskal Herrian. Hiriburuetan eta herri ugaritan manifestazioak egin ziren, eta, beste batzuetan, elkarretaratzeak eta bestelako ekimenak, horietako batzuk igandean, hala nola Arrasaten eta Azpeitian”.

Aurrera begira, urriaren 20an Bergarako Seminarixoa Aretoan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen III. Asanblada ospatuko dela ekarri dute gogora: “Goizeko 10:30ean hasi eta 13:30ak aldera amaituko da, parte hartuko duten emakume guztiekin egingo den prentsaurreko batekin. Bertan, III. Batzarrean onartuko den manifestua irakurriko da”.

Gainera, bihar prentsaurrekoa egingo da Donostiako Tabakalera aurrean, goizeko 11:00etan: “Bertan kartela, ordutegia eta metodologia eztabaidatuko den gaia aurkeztuko da. Aurten, Zainketen gaiari helduko zaio. Leloak honakoak dira: ‘Zaintza eta pentsio duinak orain!’, ‘1.080 Ja!’ eta ‘¡Cuidados y pensiones de dignidad!’. Ilusio eta ahalegin handiz ekingo diogu Batzarrari, azaroaren 30ko Greba Feministan begirada jarrita ezinbestean, mugimendu feministarekin partekatutako prestakuntza eta antolaketarako ere baliagarria izango baita”.

Urriaren 28ko Madrileko mobilizazioa

Estatuko eta Erkidegoetako Pentsiodunen Plataformen artean osaturiko ekintza-batasunak deituta, urriaren 28an mobilizazioa egingo da Madrilen, eta EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere ekintza-batasun horretan parte-hartzen duenez, Madrilgo mobilizaziorako deia egiten die pentsiodunei: “Iaz urriaren 15ean joan ginen Madrilera eta Gipuzkoan hiru autobus osatzea lortu genuen, 135 pentsiodun guztira. Aurten ere ordezkaritza zabala eramaten saiatuko gara, beraz plazetan izen-emateari ekin behar diogu lehenbailehen. Autobusaren prezioa 35 eurokoa izango da, eta 4:30ak aldera irtengo lirateke, lehen geltokitik”.

pensionistak