Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarau zabala antolatu dute urrirako
Urriaren 1ean, eguenean hasita, hilabete osoan zehar garatuko da progrmazioa, eta gaur egin dute horren aurkezpena Jon Iraola alkateak, Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziak eta Altzoa elkarteko Arrate Aranzetak, Eibarko Adinekoen Mahaiko ordezkari gisa. «Zahartze osasuntsuaren alde» lelopean, kulturarekin, kirolarekin, aisialdiarekin eta osasunarekin lotutako proposamenek adinekoen ongizatea, autonomia eta parte-hartzea sustatzea dute helburu.
Egitaraua urriaren 1ean hasiko da, 13:00etan, Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan. Jon Iraola alkatea buru izango duen ekitaldian, Adinekoen Nazioarteko Eguneko manifestua irakurriko da, eta adinekoek Eibarko gizarte, kultura, ekonomia eta komunitate-bizitzari egindako ekarpena aitortuko da.
Alkatearen berbetan, «Eibar duintasunez, autonomiaz eta bizi-kalitatez zahartu ahal izateko hiria izatea nahi dugu, baina baita adinekoek parte hartzeko, harremanak izateko eta komunitatea eraikitzen jarraitzeko guneak izan ditzaten ere. Urria haiek aitortzeko, entzuteko eta haiekin partekatzeko aukera izango da».
Urriaren 5ean, 11:00etan, ibilaldi osasungarria egingo da Amañatik Azitaineraino. Ondoren, Errebalen, 12:00etatik 13:00etara, parte-hartzaileen arteko topaketa eta hamaiketakoa izango dira. Jarduera fisikoa sustatzeaz gain, elkartzeko eta elkarbizitzarako gune bat sortzea da ekimenaren helburua.
Egitarauak beste hainbat jarduera jasotzen ditu. Urriaren 7an, 14an eta 21ean, briska, tute eta mus txapelketak egingo dira, hurrenez hurren. Urriaren 8an, La Novena antzerki taldeak «Amigas atacadas» antzezlana eskainiko du. Urriaren 15ean, berriz, 18:00etan, xake txapelketa izango da Unzagako Gizarte Zentroan.
Gune horretan bertan, urriaren 16tik 18ra, «Kreatibitateak» erakusketa ipiniko dute ikusgai, adinekoen sormena eta gaitasunak erakusteko. Urriaren 19an eta 20an, petanka txapelketa egingo da, Torrekuako pista berrian.
Bestalde, urriaren 22an, 10:00etan, Oscar Terolek «Tú puedes» hitzaldia eskainiko du Armeria Eskolan. Ongizateari eta garapen pertsonalari buruz arituko da. Urriaren 28an, berriz, 19:00etan, Parkinsonari buruzko hitzaldia izango da Portalean, Javier Ruiz neurologoaren eskutik.
Egitarauari amaiera emateko, urriaren 29an, 17:30ean, abesbatzen, gitarra-jotzaileen eta dantzaren jaialdia egingo da Coliseo antzokian.