Adinekoen Partaidetzarako Mahaia jarri du martxan Udalak

Adinekoen Partaidetzarako Mahaia jarri du martxan Udalak
2025/12/29 14:03
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak adineko pertsonen parte-hartzerako mahaia eratu du, adinekoei zuzenean eragiten dieten gaiak lantzeko eta haien beharretara egokitutako gizarte-politikak diseinatzeko helburuarekin. Ekimenaren lehen bilkura abenduaren 12an egin zen.

Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak gidatutako saioan, udalerriko hainbat elkarte eta eragilek hartu zuten parte, besteak beste, Altzoa, Pagatza, ENE, Ikasten, Unzagako Adinekoen Zentroa, Afagi, Gurutze Gorria eta Deparkel erakundeek. Topaketan, mahaiaren barne-araudia aurkeztu zen, haren helburuak, funtzioak eta funtzionamendua zehaztuz. Aurreikuspenen arabera, bilerak hiru hilean behin egingo dira, egoerak hala eskatzen badu ezohiko bilerak deitzeko aukerarekin.

Udalak, halaber, “Eibar Lagunkoia” proiektua berraktibatzeko asmoa iragarri zuen. Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako ekimen horretara Eibar 2015ean batu zen udala, eta orain, udalerriko zahartze-prozesuari eta adinekoen egungo beharrei egokitutako azterketa berri bat egin nahi du.

Lehen urrats gisa, talde eragile bat sortzea adostu da, udaleko arduradunekin koordinatuta lan egingo duena, beharrak identifikatzeko eta adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko ekimenak sustatzeko. Udalaren esanetan, ekimen honekin Eibarrek aurrerapauso bat eman du udalerri inklusiboago eta zahartzearen erronkei hobeto erantzungo dien baten alde.