Agurne Gaubekak “Hizkuntza eskubideak, denon auzia” izeneko berbaldia emango du maiatzaren 17an
Hitzaldia “Hamaika berbaldi” barruan kokatzen da. Ekimen hau 2017aren bukaeran jarri zuen martxan Eibarren AKEBAI herritar plataforma eratu berriak. AKEBAItik diotenez, “harrezkero hamaika hitzaldi, tertulia edota mahainguru izan ditugu; hamaika hizlari etorri zaizkigu; hamaikatxo gai landu dira Eibarko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatutako berbaldietan. Egitasmoren helburuak ere hamaika dira: herritarrak aktibatzea, hizkuntza eskubideak ezagutaraztea, euskaldunok ahalduntzea, euskararen aldeko diskurtsoa berritzea…”.
“Helburu horiek lortzeko eta erabileran eragiteko garbi dago hizkuntza-ohiturak aldatu behar ditugula eta ezinbestekoa dela euskal hiztunok ahalduntzea eta hizkuntza eskubideak ezagutzea. Horregatik antolatu da hitzaldi hau eta arrazoi beragatik sortu zen 2021ean “Astindu” hizkuntza eskubideen ataria, herritarrei hizkuntza-eskubideen berri emateko, eta horiek bermatu eta errespetarazteko”, azaldu dute.