Aho zapore oneko porrotak Eibar Eskubaloiko bi talde seniorrentzat

Emaitza negatiboaK izan arren, sentsazio positiboekin amaitu zutela diote klubekoek
Aho zapore oneko porrotak Eibar Eskubaloiko bi talde seniorrentzat
2025/10/14 10:47
eta kitto!

Emaitza aldetik ez da asteburu ona izan Eibar Eskubaloia taldeko seniorrentzat, baina arlo positiboa nabarmentzen saiatu dira klubekoak. “Senior mailako taldeek jardunaldi zorrotza jokatu dute asteburu honetan, bi taldeek garrantzi handiko aurkarien aurka galdu dutelarik. Emaitzak gorabehera, sentsazio orokorrak positiboak izan ziren jokoaren hainbat tartetan, azken asteetan egiten ari diren lana fruituak ematen hasi dela erakutsiz”, diote.

 

Partida lehiatua Ipuruan

Emakumezkoen Zilarrezko Ohorezko Mailako taldeak Sustatuz Los Chelines taldea jaso zuen Ipurua kiroldegian. Sailkapenean bigarren sailkatua da Sustatuz eta eibartarrek erronka handia zuten aurretik.

Partida bizi-bizi hasi zuten etxekoek, eta Lucia Zubizarreta Caballeroren golei eta taldeko defentsa sendoari esker markagailuan aurretik jartzea lortu zuten. Atsedenaldian, Eibarrek abantaila txiki bati eustea lortu zuen (10-9), kontzentrazio kolektibo handia erakutsiz.

Bigarren zatian, Sustatuzek erasoko erritmoa handitu zuen eta eibartarren atzerakadan egindako akatsak baliatu zituen markagailuari buelta emateko. Armaginen azken bultzada eta Lucia Zubizarretaren erasoko asmatzea gorabehera, talde bisitariak 27-29 lortu zuen garaipena. “Porrotarekin, taldeak sentsazio onak utzi zituen, batez ere lehen zatian, baloiaren zirkulazioan hobekuntza argia erakutsiz eta erasoan eraginkortasuna erakutsiz”, azaldu digute Eibar Eskubaloia taldetik.

 

Romon galtzaile

Lehen Maila Nazionaleko mutilek Romo Broker Kirol Eskubaloi Klubari egin zioten bisita. Lehen zatian, lehia oso parekatua izan zen. Eibartarrak indartsu hasi ziren, defentsa gogorrarekin eta trantsizio azkarrak aprobetxatuz, lehen zatia 12-11 amaitu zelarik.

Bigarren zatian, ostera, behartu gabeko hutsek eta talde bizkaitarraren eraginkortasunak aldea markatu zuten. Mikel Zuloagaren eta Jon Barruetabeñaren ahalegin kolektiboa eta minutu onak izan arren, Romok abantaila handitu zuen 28-22 amaitu arte.

Eibar Eskubaloiaren berbetan, “taldeak konpromisoa eta joko ona erakutsi zituen, baina defentsan iraunkortasuna eta erasoan erabakiak hartzea hobetu beharko lituzke hurrengo jardunaldietan garaipenaren bidea berreskuratzeko”.