'Ahotsak' ekimenak jasoko du 2018ko Abbadia saria
2018/11/12
11:33
eta kitto!
Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak gaur goizean egindako agerraldian azaldu duenez, aurtengo Abbadia saria 'Ahotsak' ekimenak jasoko du. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen alde egindako lana eskertzeko ematen duen saria aho batez Ahotsak ekimenari ematea proposatu du epaimahaiak. Ohitura denez, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian jasoko du Ahotsak.eus-ek Abbadia saria, azaroaren 30ean, 19:00etan foru jauregian hasiko den ekitaldian. Euskal Herriko ahozko ondarea jasotzeko sortu zen Ahotsak, 2000. urtean, Badihardugu Euskara Elkartearen eskutik. 2002-2003 urteetan jarri ziren proiektuaren oinarriak, hurrengo hiru urteetan bilketa lana eta jasotako materialaren lanketa hasi zen, eta 2008az geroztik interneten daude Euskal Herri osoko 350 herritan 5.793 hizlarirengandik jasotako 51.082 bideo-pasarte, denetariko gaiei buruzkoak. Epaimahaiak nabarmendu ditu Ahotsak.eus-ek egindako lana eta ekarpena, “euskararen lurralde guztietako eta euskalki guztietako ahozko testigantzak sarean etengabe jaso eta eskumen librean jartzeagatik”. Aurtengo epaimahaia honako hauek osatu dute: Iban Arantzabal, Maite Artola, Jone M. Hernandez, Arantza Urretabizkaia eta iazko sariduna Ibon Sarasolak.