Aitor Huergo musikariak ‘Barruko paisaiak’ diskoa aurkeztuko du etzi Kultun
Bilbon jaio zen baina gaur egun Debako Endoia auzoan bizi den musikariak ekoiztu berri duen abesti bilduma aurkeztuko du. Huergoren berbetan, “lagun artean autoekoiztu eta grabatu” duen bakarkako proiektua da “Barruko Paisaiak”.
Lan hau egiteko orduan eskarmentu handiko musikariak izan ditu aldamenean: Mikel Markez kantagintzan, Unai Rodriguez arlo klasikoan, Keu Agirretxe, Unai Mimenza, Aner Hernandez eta beste batzuk.
Elkarlanean egindako diskoa
Giro polita sortzea” bilatzen du Aitor Huergok beste ezer baino gehiago, jendearengandik jasotako feed-backa asko estimatzen baitu bere lehenengo disko honekin “eraikitze prozesu pertsonala” bezala bizi duen esperientzian. Horregatik, asko eskertzen du Arrate Kultur Elkartetik eskaini dioten aukera.
Bederatzi abestiz osatutako “Barruko Paisaiak” izenburuko diskoarekin debutatu du Aitor Huergok abeslari bezala, aurretik Azpeitiko Main Lander rock taldean jardun izan badu ere gitarra-jole. Otsailetik hona lau-bost kontzertu eskaini ditu eta, diskoko abestiak aurkeztuko baditu ere, “modernoagoak diren pieza batzuk bere tokia izango dute Kultuko emankizunean”. Ez du “sermoirik bota nahi”; horregatik, “pieza instrumentalak txertatuko ditut”. Hori bai, “giro intimoa, lasaiaren” bila jardungo du kontzertuan.
“Barruko Paisaiak” diskoa ez du berea balitz bezalako lantzat hartzen, “elkarlanean egindako produktua delako. Ideia nirea izan bada ere, Aner Hernandezek artistak lana egin du diseinuan eta Unai Mimenzak jardun izan du grabazio eta nahasketa-lanetan”. Aitorren kontu dira ahotsa, gitarra eta baita hitzak ere: “Kontakizun errealak dira paisaia horiek osatzen dituztenak, benetako istorioak, beti ere ikuspegi pertsonaletik abiatuta”. Irakaslea ere badenez, Huergok eskola ere erabili du gizartearen zati bat islatzeko, “bullyng-a eta halakoak kontuan hartuta”. Eta bizitza eta heriotza ere landu ditu ikuspegi pertsonal horretatik: “Kezka unibertsalak baitira, gizarteak berarekin dakartzanak”.
Zuzenekoekin ikasten
Diskoko bederatzi abestien artean, hiru bertsioak dira: “Imanol Larzabalen `Mayo ́, `Wild Mountain Thyme ́ eskoziar-irlandar abesti herrikoiatik sortutako `Etorriko al zara? ́ eta Leo Brouwer kubatarraren `An idea ́”. Beste abesti guztiak berarenak dira. Eta nabaritzen hasia da bakarka jotzeak dituen ezaugarriak: “Zuzenekoetan asko ari naiz ikasten. Bakarka aritzean, libreago bazara ere, arriskua ere handiagoa delako”, dio abeslariak. “Garrantzi handia ematen diot jendearekin konektatzeari; entzule kopuruak ez du horrelako pisurik”.
Abesterakoan erreferenterik baduen galdetuta, “hori momentu bitalaren araberakoa” dela diosku. “Su Ta Gar entzun dezaket, gero Metallica eta, ondoren, Silvio Rodriguez... Azken aldian Fitorekin nabil. Baina gehiagotan jo izan dut Mikel Markez eta Silvioren musikara, gitarra klasikoaren ekarpenera”. Eta badihardu beste proiektu batzuei ekiteko gogoz, “kantak sortzen, beste espazio sonoroak esploratzen, instrumentu berriak sartzeko asmoarekin”.
Otsailaren 11n Itziarko Burugorri aretoan Aitor Huergok hasi zuen ibilbideak beste geltoki bat izango du, oraingoan Kultun. Musika irakasleak gomendioa ere egin digu kontzertura joateko asmoa duenarentzat: “Aukera badu kantuak aurretik entzuteko, askoz hobe. Horrek lagunduko digulako giro polit eta bereziena sortzen”.