Aitor Huergok “Barruko Paisaiak” diskoa aurkeztuko du maiatzaren 18an Kultun emango duen kontzertuan
2023/05/10
11:38
eta kitto!
Datorren eguenean (maiatzak 18) Aitor Huergo abeslariak “Barruko Paisaiak” bere diskoaren aurkezpen kontzertua eskainiko du Kultu tabernan, 20:00etan, Euskal Jaiaren egitarauaren barruan egingo den kantaldian. Bilbon jaio zen baina gaur egun Debako Endoia auzoan bizi den musikariak ekoiztu berri duen abesti bilduma aurkeztuko du. Huergoren berbetan, “lagun artean autoekoiztu eta grabatu” duen bakarkako proiektua da “Barruko Paisaiak” izenekoa. Musikariak dioenez, “abesti bilduma xume eta soila dugu, sinpletasunak dakarren zailtasunez hornituta: ahotsa eta gitarra soilik, elkar nahasirik, fluxuan”. Lan hau egiteko orduan eskarmentu handiko musikariak izan ditu aldamenean: Mikel Markez kantagintzan, Unai Rodriguez arlo klasikoan, Keu Agirretxe, Unai Mimenza, Aner Hernandez eta beste batzuk.