Aizkolarien arteko jaialdia izango da San Andres egunean Errebal Plazan

Saioa 12:00etan hasiko da, eta senior mailako hiru bikote eta beteranoen beste bi arituko dira
Aizkolarien arteko jaialdia izango da San Andres egunean Errebal Plazan
2024/11/28 10:13
eta kitto!

Errebal Plazak hartuko du San Andres egunean dagoeneko bi hamarkadatik gora daraman Aizkolarien Txapelketa. Eguerdiko 12:00etan hasiko den 20. edizioko jaialdirako bi lehiaketa prestatu dituzte: “Senior mailakoan hiru bikote izango dira lehian, eta beteranoetan beste bi izango dira, nor baino nor”, diosku Eibarren herri-kirolen alde aspalditik diharduen Ernesto Ezpeleta “Bihurri”-k.

Lehiaketa nagusian gaur egun punta-puntan dagoen Hodei bere semeak hartuko du parte, Otaño, Izeta, Saralegi, Etxeberria eta Rekondorekin batera. Eta, Bihurrik berak dioen bezala, “100 urtetik gorako bikoteen arteko lehian”, Mujika, Zaldua, Beltza eta berak osatuko dute laukotea. Norgehiagoka nagusian “zortzina kortera” jardungo duten bezala, “gure artekoan egur handiak izango dira protagonista, bi metroko hainbatekin”. Jaialdi polita aurreikusten da, beraz, zenbait berritasunekin.