AKEBAI-ko batzar orokorra egingo da urriaren 8an

Azken urteetan egindako lanaren balorazioa kontuan hartuko da hurrengo urteetarako euskararen plan estrategiko berria diseinatzeko. Balorazio eta diagnostikoan parte hartzeko interesa duen edonor dago gonbidatuta datorren astean Portalean egingo den bileran parte hartzeko.
AKEBAI-ko batzar orokorra egingo da urriaren 8an
2025/10/01 20:30
eta kitto!

Aurtengo urtearen amaierarekin batera amaituko da 2016an onartu eta indarrean jarri zen Eibarko hiria: Euskararen Plan Estrategikoa 2016 – 2025. "Plan estrategiko horren indarraldia amaitzen ari den honetan, haren diagnostiko eta balorazio prozesua abiatu berri da, azken hamar urteotan egindako lana xeheki aztertu eta planak eman dituen emaitzak behatu ahal izateko. Horrez gain ere, diagnostiko eta balorazio prozesu honetan bilduko diren iritzi, gogoeta eta proposamenak ezinbestekoak izango dira 2026an diseinatzen hasiko den euskararen plan estrategiko berrirako", azaldu dute AKEBAI-tik.

"AKEBAI herritar plataforma Plan Estrategiko hori egikaritzeko eta gizarteratzeko sortu zen heinean, garrantzitsua irizten dugu balorazio eta diagnostiko prozesuaren berri ematea herritarrei", diote. Horregatik, AKEBAI-ko batzar orokorra egingo da urriaren 8an (asteazkena), arratsaldeko 18:30ean Portaleko lehenengo solairuko 1-2 bilera gelan. Prozesuaren berri izan nahi duen oro dago bertaratzera gonbidatuta, bai eta balorazio eta diagnostikoan parte hartzeko interesa duen edonor.