Akondiako konjuroa egingo dute domekan San Pedro ermitan, uztak babesteko

Akondiako konjuroa egingo dute domekan San Pedro ermitan, uztak babesteko
2026/07/02 13:54
Silbia Hernandez

Eibarko erritorik zaharrenetakoa dena egingo da Akondiako San Pedro ermitan, domekan, uztailaren 5ean, 11:00etan. Urtero egiten da, uztailaren lehen domekan: zelaiak bedeinkatzen dira, uzta ona izateko eta ekaitzen kalterik eta okerrik ez izateko. Ondoren hamaiketakoa egongo da, joaten diren guztientzat.

Konjuroa egiteko, abadeak honako berba hauek esaten ditu: “Jainko Aita, zuk agindu zenion gizonari lurra gorde eta landu zezala; apaltasunez hauxe eskatzen dizugu: uzta ugari eman iezaguzu, soroak eta zelaiak emankor bihurtu itzazu eta, ekaitza eta harria gure lurretatik aldenduz, hazi, ale eta fruitu ugari jaso ondoren, goretsi zaitzala orain eta beti. Jesukristo gure Jaunaren bitartez, amen”.