Alaitz Melgar Agirre izango da “Idazlearekin harixa emoten” irakurketa klubaren lehen idazlea

'Josefa, neskame' liburuaren inguruan hitz egingo dute.
Alaitz Melgar Agirre izango da “Idazlearekin harixa emoten” irakurketa klubaren lehen idazlea
2025/10/01 13:40
eta kitto!

Urriaren 7an, 19:00etatik 20:00etara, Portaleko Batzartoki 1-2 aretoan Euskarazko ‘Idazlearekin harixa emoten’ irakurketa klubaren ikasturteko lehen saioa egingo da. Saio honetan Alaitz Melgar Agirre idazlea izango da, ‘Josefa, neskame’ liburuari buruz solasean aritzeko. 

Saioa Ainhoa Aldazabalek zuzenduko du, eta …eta kitto!  Euskara Elkartearen elkarlanean antolatutako jarduera da. Parte-hartzaileek aukera izango dute egilearekin zuzenean hitz egiteko, liburuaren inguruko iruzkinak eta galderak partekatzeko.

Idazlea

Alaitz Melgar Agirre Euskal Herriko Unibertsitatean Ingeles Filologia eta Berdintasun Masterra ikasia da. 2024an, bere amona Josefaren bizitza berreraiki zuen Tene Mujika bekaren laguntzaz, eta lan horren emaitza izan da bere lehen liburua.

Liburuaren sinopsia

Liburuan, egileak bere amona Josefa Agirre Etxeberriaren bizitza berreraikitzen du. 1928an Azpeitiko baserri batean jaioa, 12 urterekin hasi zen neskame lanetan, eta bizitza osoa beste etxe batzuetan zerbitzari eman zuen. Hala ere, haren arrastorik ez da inon idatzita ageri: ez agiririk, ez dokumenturik, ez paper ofizialik. Egoera horretan, Melgarrek neskametzari buruzko saiakera bat eskaintzen du, eta isiltasunera kondenatutako emakumeen bizitzak ikusgarri bihurtzeko ahalegina egiten du.