Alaitz Olanok eta Enrike Izagirrek irabazi dituzte Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandiaren ikuskizunerako sarrerak

Alaitz Olanok eta Enrike Izagirrek irabazi dituzte Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandiaren ikuskizunerako sarrerak
2022/02/17 11:32
eta kitto!
Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak ‘Olatu arteko txalupa arraroa. Kantak eta berbak’ ikuskizuna eskainiko dute bihar, barixakua, Soraluzeko antzokian, 19:00etan. Bi sarrera bikoitz zozketatu ditugu eta Alaitz Olano Pujana eta Enrike Izagirre Barruetabeña izan dira sarituak (sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dituzte).

Ines Osinaga soinujolearen musika eta Joseba Sarrionandia idazlearen berbak uztartzen dituen emanaldia da antzokian eskainiko dutena. “Duela ia hamar urte Joseba Sarrionandiak Habanan sortu zituen dozena bat testu, Atlantikoa zeharkatu eta Euskal Herrira heldu zirenak eskuz esku, konplizez konplize, sekretu bat konpartitzen dutenen artean sortzen den zirrara hori lagun”, dio emanaldiaren berri ematen duen testuak. Izan ere, duela ia hamar urte Joseba Sarrionandiak Kuban sortutako letra horiekin sortu zuten Gosariak proiektua Iurretako idazleak eta Osinaga buru duen Gose taldeak. Orain, Sarrionandia Euskal Herrian dela baliatuta, idazleak letra horien jatorria eta zergaitia azalduko ditu Ines Osinagaren musikaz lagundutako emanaldian.

 

Sarrerak

Sarrerak Soraluzeko Iratxo goxodendan eskura daitezke 5 euroko prezioan eta bertaratu ezin dutenek, ostera, Soraluzeko Udalean erreserba ditzakete, 943 75 30 43 telefonora deituta (astegunetan, goizez, 09:00etatik 14:00etara).