Alberto Egurrola, marrazkilaria: “Azitaingo gasolindegian ere badago edertasuna”

Alberto Egurrola, marrazkilaria: “Azitaingo gasolindegian ere badago edertasuna”
2019/02/15 11:49
eta kitto!
Alberto Egurrolak Eibarko kaleak zehatz-mehatz marrazkietan islatu ditu eta arkatza besterik ez du erabili horretarako. Baita pazientzia ere, pazientzia asko. Zortzi marrazki egin ditu eta Fermin Calbeton kalean dagoen Kokojaten arkitektura estudioan egongo dira ikusgai hilaren 22ra arte. Marrazkilari eta idazle eibartarra pozik dago erakusketak izan duen harrerarekin.

 

- Eibarko kaleak marraztu dituzu. Zein da zure txokorik kuttunena?

Toribio Etxebarria kaleko marrazkia egin nuen lehenik eta hori izan zen proiektuaren hasiera, orduan konturatu nintzelako honek jarraipena izan zitekeela. Ondoren Eibarko txoko ezberdina bilatzen saiatu nintzen, batez ere zerbait ezberdina eskaintzeko asmoz. Arkatza ondo geratzen zaio Eibar bezalako gune industrial bati.

- Beraz, kasualitatez hasi zenuen proiektua ala aurretik pentsatutako zerbait izan zen?

Buenos Aires tabernan asko egoten naiz eta inguruko giroa islatu nahi nuen. Ez ditut Eibarko kaleen marrazki asko ikusi eta arrazoi interesgarria zela iruditu zitzaidan. Kasualitatez, Oscar Garcia Gisasolak Eibarko kaleen margolanak (akuarelak) erakutsiko ditu hilaren 17ra arte Untzagako Jubilatu Etxean.

- Zergatik Eibarko kaleak? Zer daukate?

Eibartarrak garelako! Reinhold Messner mendizaleari galdetzen zioten zergatik joaten zen mendira. “Hor daudelako”, izaten zen bere erantzuna. Kasu honetan berdin. Eibartarrak gara eta hor ditugu herriko kaleak, beste barik.

- Non dago Eibarren edertasuna?

Azitaingo gasolindegian ere badago edertasuna. Zutabe zoragarriak ditu!

- Marrazki hiperrealistak egin dituzu. Nolako lana dago atzean?

Errealitatea zehazki islatzen saiatu naiz. Argazkiak egin eta hortik marrazkiak atera ditut. 30 ordu inguru behar izan ditut marrazki bakoitza egiteko. Pazientzia edukitzea oso beharrezkoa da.

- Eta borragoma asko?

Baita ere, baina pazientzia izatea da garrantzitsuena.

- Azken erakusketa 2012an eskaini zenuen Topalekuan. Boladaka marrazten duzu edo beste barik marrazkirik egin ez duzulako pasatu dira zazpi urte?

2012ko erakusketan artearen maisuen lanak erreproduzitzen saiatu nintzen, baina erakusketa hau guztiz ezberdina da. Betidanik marraztu dut eta erakusketa berri bat egiteko aukera nuela ikusi dut oraingoan. Marrazkilaritza ez da nire ogibidea, beraz, lasai hartzen dut. Orain idazketan nago zentratuta, liburu bat idatzi dudalako.

- Zeren inguruan?

Gogoeta liburua da, aforismoak biltzen ditut. Bestetik, kontakizun laburrak ere idatzi ditut.

- Kokojaten arkitektura estudioan eskaintzen duzu erakusketa. Zer moduzko harrera izan du?

Oso toki egokia dela iruditzen zait; batez ere, arkitektura estudioa izanik, mota honetako marrazkientzat. Jendea etorri da eta beste batzuek eskaparatetik ikusi dituzte lanak.