Alberto Ferreiro azpitxapeldun XIII. Bidasoa Txingudi Squash Sarian
Eibarko Klub Deportiboko squash batzordeko Alberto Ferreiro eta Sergio Salgado XIII. Bidasoa Txingudi Squash Sarian lehiatu dira asteburuan. Biek ala biek egin zuten lan txukuna eta azpitxapeldun izan ziren, bata sailkapenen orokorrean eta bigarrena kontsolazio koadroan.
Txapelketa hasi aurretik, Salgado bosgarren zerrendaburua zen eta Ferreiro zortzigarrena, eta zozketak koadroaren alde berdinean jarri zien, finalerdietan elkarren aurka aritzeko aukera zutelarik.
Dena dela, hori ez zen gertatu, Salgadok 3-2 galdu zuelako Iruñeko Iñigo Iriarteren aurka eta, ondorioz, kontsolazio koadroa jokatzera pasa zen. Hor bai, lehen bi partidak irabazi zituen eta finala Ioritz Manterolaren aurka galdu zuen, 3-2.
Ferreirok, bere aldetik, Txema Dominguez kanporatu zuen final-laurdenetan (3-2) eta Fran Serrano finalerdietan (3-1). Finalean Unax Merino izan zuen aurkari, Gasteizko FreeSquash Klubeko 19 urteko jokalaria, eta eibartarra bigarren postuarekin konformatu behar izan zen.