Alberto Ferreiro eta Ione Iturria garaile Sanjuanetako Eibarko Squash Txapelketan
Aurreko asteburuan Ipurua kiroldegian jokatutako Eibarko Squash Txapelketaren 21. edizioa Euskal Rankingerako baliagarria ere izan da. Modu horretan, EAE osoko jokalariak bildu dira bertan, nafar jokalari batzuekin batera, eta Euskadiko Squash Federazioko klub guztiak egon dira ordezkatuta.
Alberto Ferreiro eibartarrak lehendik ere irabazi du sari hori eta oraingoan Unax Merino gasteiztarrari irabazi zion finalean. Klub Deportiboko beste bi ordezkarik ere hartu zuten parte torneoan eta, Sergio Salgadok bosgarren postuan amaitzeaz aparte, Jon Losada 17. postuan sailkatu eta kontsolazio txapelduna izan zen.
Podiumak honakoek osatu zuten: gizonezkoetan, Alberto Ferreiro (CD Eibar), Unax Merino (FreeSquash Gasteiz) eta Fran Serrano (Benedikta Sestao); emakumezkoetan, Ione Iturria (Lur-Alai Irun), Nagore Cirion (Benedikta Sestao) eta Mariana Olin (Nafarroako Unibertsitatea). Topaketa bat ere antolatu zen gazteekin, bertan parte hartu zuten sei jokalarirekin.