Aldeko 11 botorekin onartu da 29 milioiko aurrekontua

Aldeko 11 botorekin onartu da 29 milioiko aurrekontua
2013/02/26 00:00
eta kitto!
Gaur (martitzena, hilak 26) onartu du Udalbatzak 2013rako aurrekontua, aldeko 11 boto (PSE-ren bederatzi eta PP-ren bi) eta kontrako 10 botorekin (Bildu-ren sei eta EAJ-ren lau). Azken urteotako aurrekonturik txikiena izango da, 28.893.309 euro guztira eta inbertsioetarako 2'8 milioi aurreikusi dituzte. EAJ alderdiak osotasunari zuzenketa aurkeztu dio eta ez du zuzenketa partzialik egin "aurretik egindakoak ez dituztelako oraindik bete". Bilduk, osoko zuzenketarekin batera, beste 11 zuzenketa egin dizkio aurrekontu proposamenari eta horietatik bakarra onartu diete, zirriborroan bertan jasota. PP, berriz, hauteskundeen ondoren egin zuen egonkortasun hitzarmena beteta, ados agertu da proposamenarekin.
Zuzenketen defentsaren inguruko debateak plenoa ohikoa baino luzeagoa izatea (hiru bat ordu) eragin du, baina bertan esandakoak laburbiltzen ahaleginduko gara, gure irakurleek aste honetako aldizkarian ahalik eta informazio zehatzena izateko.