Alejandro Cid, Arrateko apaiza: “Arraten ateoak ere etortzen dira mezatara”

Alejandro Cid, Arrateko apaiza: “Arraten ateoak ere etortzen dira mezatara”
2019/05/24 09:16
eta kitto!
Alejandro Cidek hilabete darama Arraten eta berarekin gurutzatzen diren pertsona guztiak ezagutzen ditu dagoeneko. Arrateko apaiz berria Txiletik etorri da, “ikasteko asmoz”. Hemen jaso nahi dituen jakintza berriek bere jaioterria garatzen lagunduko dioten esperantza du, baina bide luzea du aurretik. Eibartarrek Arrateko Amarekiko duten maitasuna ulertzea izan da lehen pausoa.

 

- Zer moduz lehen egunak Arraten?

Asko harritu nau eibartarrek Arrateko Amari dioten maitasuna. Ateoak ere etortzen dira mezatara hemen. Behin eibartar bat etorri zen bihotzean ebakuntza egin behar ziotela esanez. Beldurtuta etorri zen, baina fedearekin joan zela ikusi nuen. Arraten Ama Birjina dago erdian, mirariak egiten dituena Jesus izan arren, hemen Ama da garrantzitsua. Niri ere zerbait bitxia gertatu zait. Txiletik Donostiara heldu nintzen eta astebete egin nuen han. Pasaportea beti gainean eramaten nuen, poltsikoan ondo gordeta, baina Arratera bidean nentorrela galdu egin nuela pentsatu nuen. Arrateko igoerak bide amaigabea dirudi, inoiz ez da amaitzen, zenbat kurba! Heldu nintzenean pasaportea agertzeko eskatu nion Arrateko Amari eta liburu baten orrien artean aurkitu nuen.

- Aste honetan Eibar KE-ko kideak izan ziren Arraten lore eskaintza egiten. Nolako ekintza izan zen?

Xarma handiko ekintza izan zen. Luxuzko autoak eta jantzi garestiak arrotzak zaizkidan gauzak dira. Taldean txiletar bat dagoela ikusi nuen, Fabian Orellana. Batasuna, foballaren balioak eta horrelako berbak bota zituen Amaia Gorostiza presidenteak eta egokiak iruditu zitzaizkidan. Badakit etorri ziren guztiak katolikoak ez direla, baina horrelako ekintzek identitatea sortzen dute.

- Santutegiaren inguruko historia ezagutzen zenuen?

Birjina Arratera nola heldu zen kontatu didate. Apaiz bezala ekintzaz haratago ikusi behar dut. Zientziak “zergatik” galderari erantzuten dio eta fedeak “zertarako” galderari. Arrate toki ezberdina izan zedin jarri zituen harriak Arrateko Amak. Fede kontua da. Ez da berdina minbiziari fedearekin edo fede barik aurre egitea, fedeak aukera gehiago ematen dizkizulako. Hori falta zaio gizarteari.

- Mezak euskaraz entzuteko aukera izango dute eliztarrek?

Bai. Eliza apaiz barik egon den zortzi urteetan laiko talde batek mantendu du zabalik eta euren eginkizuna berebizikoa da. Apaiza banaiz ere, ez naiz hemengoa, laguntzera nator. Euskerazko berba eta abesti batzuk ikasi ditut, errespetua zor diot toki honi eta bertako hizkuntza errespetatzea funtsezkoa da. Laikoek euskeraz irakurri eta abesten dute mezan, eta horrela izan beharko luke. Santutegia elkartasun ikurra da eta zentzu horretan hizkuntza oinarrizkoa da.

- ‘Arrateko Ama’ abestia ikasteko aukera izan duzu?

Eliztarrek mezan zehar ez dute ia ezer abesten, baina ‘Gure Aita’ eta ‘Arrateko Ama’ abesten dutenean tenplua metro batzuk altxatzen dela dirudi.

- Zein asmorekin etorri zara?

Lagun batek zera esan zidan: “Ez ezazu itxaropen handiegirik sortu, erromatarrek ere ezin izan zituztelako euskaldunak gailendu. Ahal duzuna egin ezazu”. Nafarroako Unibertsitatean filosofia ikasketak egin nituen eta, ondoren, irakasle izan nintzen Txileko ikastetxe katoliko batean. Ikasleei ez zaie gehiegi gustatzen Biblia esplikatzea, baina niretzat arrakastatsua izan zen Jainkoa izendatu barik fedeari buruz berba egitea. Hobeto moldatzen nintzen filosofia ikasle moduan apaiz bezala baino. Ondorioz, azken sei urteetan espero ez nuen indar bat sortu zen nigan, ikasleekin harreman sendoa sortu zelako. Ikastetxe katolikoa izan arren, ikasle guztiak ez ziren katolikoak, baina filosofia irakasten zuen apaiz batek gauzak batzen lagundu zien: fedea, arrazoia... Material antropologikoa sortu nuen gazteen galderei erantzuteko, baina bukatu gabeko lana dela uste dut (epistemologia, zientziaren filosofia, metafisikaren balioa eta beste hainbat gauza azaltzen ditut). Lana hankamotz dago, gazteek politikaren eta ekonomiaren balioa zein den jakin nahi dute, enpresariek eta langileek zein toki betetzen duten, zein alde dagoen ezkerraren eta eskuinaren artean... Txile asko hazi da azken 50 urteetan. Latinoamerikako herrialde pobreena izatetik oso garatua izatera pasa gara, baina zorripiztu horiek bezala jarduten dugu. Aberats berriek, beti aberatsak izan direnekin alderatuz, oldarkorragoak eta zapaltzaileagoak dira. Enpresari despotak ditugu, batzuk nire ikasleak izandakoak. “Zer motatako katolizismoa ari gara sortzen?”, galdetzen nion neure buruari, eta horren inguruan hausnartzeko eta ikasteko denbora behar nuela ondorioztatu nuen.

- Beraz, ikastera etorri zara?

Bai, baina ikasketak ordaintzeko lan egin behar dudanez, Euskal Herrian lan egin eta ikasten duten apaizak zeudela nekien eta hona etortzea erabaki nuen. Laguntza behar zuenari laguntzeko prest negoen eta Jose Ignacio Munillak, mundu osoan ezaguna den gotzainak, laguntza behar zuen. Uste dut Txilen hemen baino gehiago maite dutela. Eskaera egin nion eta lagundu egin zidan. Apaiza izateak ez du esan nahi den-dena errebelatua izan zaidanik eta ulertzen ez ditudan gauza asko dago, baita elizarenak ere. Asko errezatu eta hausnartu behar dut, eta toki egokia behar nuen horretarako. Hori bai, bakartu barik, ez dudalako ermitau bokaziorik. Orduan, Arraten dauden mojek kapilaurik ez dutenez, hona etortzeko aukera eman zidaten eta ideia bikaina iruditu zitzaidan, non zegoen jakin gabe. Toki paregabea da.

- Non egingo dituzu ikasketak?

Nire asmoa Nafarroako Unibertsitatean ikastea zen, baina Deustun ikasteko tentatuta nago. Nafarroako Unibertsitatean ikasiz gero Opus Deirekin lotzen dizute eta Txilen gaizki ikusita dago. Nik ordainduko dut, beraz, nirea da aukera. Gainera, Deustu hurbilago dago. Kontua da ez dudala nahi inork nire tesiaren gaia zein izan behar den zehaztea. Ez dit ardura gradua lortzea, inork ez didalako titulua eskatuko, baina merkatu librearen oinarri antropologikoen eta hauek elizaren doktrina sozialean duten ondorioen inguruan ikasi nahi dut.

- Zergatik?

Politika asmo onez egiten dela uste dudalako, baina diruarekin arraultzak erosten dira eta arraultzekin tortilak egiten dira. Adibidez, Michelle Bachelet Txileko presidenteak doakotasuna ezarri nahi du irakaskuntzan, bikain, baina dirurik ez badiote ematen, biztanleriaren bostena doakotasun barik geratuko da. Gauza asko egin nahi ditu, baina era berean ez dauka gauza horiek aurrera ateratzeko baliabiderik. Osasuna, hezkuntza eta segurtasuna nahi dugu, baina nork finantzatuko du? Katoliko moduan begirada objektiboa egiten dut. Badakit kapitalismoa defendatzea politikoki ez zuzena dela eta ez dut defendatu nahi, baina ondareak murritzak dira eta aurrerapena nola sortzen den aztertu nahi dut gehiengoaren ongizatea lortzeko.