Alex Albistegi Athletic Club-en talde teknikora batu da
Gaur hasi du aurredenboraldia Athletic Club-ek eta beste eibartar bat gehitu da taldera, Iñigo Ruiz de Galarreta jokalariaz gain, Alex Albistegi Edin Terzicen talde teknikoan egongo baita.
2021an botak eskegi ondoren, Burgos CF taldearen harrobian izan da Albistegi eta azken urteetan Burgos B zuzendu du. Orain, itzultzaile lanak egingo ditu, besteak beste, Terzic entrenatzaile berriaren egokitzapena errazagoa egiteko asmoz.
Albistegirentzat ez da lehen aldia izango Lezaman, txikitan Athletic-en harrobian urte batzuk egin zituelako. Gero, Zubietara joan zen Realean aritzeko eta Lehen Mailan ere debuta egin zuen, 2010ean, Martin Lasarte entrenatzailearen eskutik. Ondoren, SD Eibarren aritu zen urtebetez eta hainbat taldetan ibili zen 2021ean Sestao Riverren amaitzeko.
Athletic Club - SD Eibar, uztailaren 25ean
Albistegik bere herriko taldea izango du aurrez aurre uztailaren 25ean, 19:00etan, Zamudion. Atzo eman zuten partidaren berri eta datozen egunotan informazio gehiago emango dute horren inguruan.