Alfak manifestazioa deitu du zapaturako, enpresak planteatutako 87 kaleratzeak salatzeko
Zapatuan, hilaren 22an, 12.30etan irtengo da Untzagatik Alfan despidorik ez! goiburuari jarraituko dion manifestazioa eta, eurekin bat eginda, jende guztia bertan parte hartzera animatu nahi dute beharginek. Horren harira, bestalde, gaur (eguena, 20) bertan berretsi du Udalbatzak aurretik bozeramaileen juntan aho batez onartutako Alfaren aldeko mozioa.
87 behargin kaleratzeko asmoa
LAB sindikatuak kaleratzeen inguruan oharra helarazi digu oraintxe bertan (barixaku iluntzean) eta bertan diotenez, "Alfa Enpresa Taldeko zuzendaritzak kaleratzeak gauzatu nahi ditu. Eibarko ALFA HOGAR-en eta ALFALANen 27 eta 13 langile kaleratu nahi dituzte, hurrenez hurren. Mallabiko MECANICAS MALLABIAN, aldiz, beste 47 langile kaleratu nahi dituzte. Lantoki bakoitzeko langileen ordezkariei dokumentazioa aurkeztu diete. Urriaren 23tik hona hartzekodunen konkurtso egoeran dago taldea eta azaroaren 20an enpresako zuzendaritzarekin eta administratzaile konkurtsalekin bilera izan zuten langileen ordezkariek. Bilera hartan, Alfa Taldeko zuzendaritzak enpresa taldea zatitu egin nahi zuela adierazi zuten, ondoren enpresa independienteak sortzeko. Enpresa bakoitzaren bideragarritasuna aztertuko zutela ere adierazi zuten".
Sindikatuko ordezkariek kaleratzeen aurkako jarrera argia erakutsi dute: "LAB sindikatutik argi eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula kaleratzerik onartuko. Ez dauka inolako zentzurik bideragarritasun planik egin gabe kaleratzeak planteatzeak. Nola esan dezakete zuzendaritzak enpresa bakoitzean 'soberan' dagoen langile kopurua, oraindik bideragarritasun planik egin ez badute? LAB sindikatutik zuzendaritzari irtenbide alternatiboak (aurrejubilazioak, errelebo-kontratuak, adosturiko kaleratzeak eta beste batzuk) bilatzeko aukera aztertzeko borondatea adierazi diogu. Baina zuzendaritzak negoziaketaren bidea hautatu beharrean inposaketarena hautatu du".
Hori dela eta, Eibarko Enpresa Batzorde bateratuak jarraian irakur dezakezuen mobilizazio-egutegia aurkeztu zion asanbladari:
- Abenduak 22 (zapatua): 12.30etan Untzagatik hasita, manifestazioa Alfan kaleratzerik ez goiburuari jarraituta.
- Urtarrilak 2 eta 4: ordu biko lanuzteak.
- Urtarrilak 7, 9 eta 11: egun osoko lanuzteak.
Lanuzteak ezezik, beste ekimen batzuk egitea ere adostu dute, zuzendaritza eta banketxeen jarrera salatzeko. Horrekin batera, Alfa Taldeko hainbat enpresetan aparteko orduak (extrak) egiten dihardutela salatu du LAB sindikatuak. Horren harira Lan Ikuskaritzan salaketa aurkeztu zuen aurreko astean. Sindikatuko ordezkarien berbetan, "nola liteke langileak soberan daudela esatea eta, aldi berean, zuzendaritza langileei aparteko orduak egiteko eskatzen ibiltzea?".