Alfredo Leon, diseinatzaile grafikoa: “Kartel harrigarriak egiten saiatzen naiz, deigarriak”
2018/11/09
09:07
eta kitto!
Alfredo Leonek marra bat eta bi kolore besterik ez ditu behar izan San Andres jaiak irudikatzeko. ‘Zaldi eta tipula’ lana sortu du artista nafarrak eta herriko kaleak apainduko ditu aurtengo Sanandresetan. 11 eta 14 urte bitartekoen artean Martina Garate eibartarrak irabazi du “Berdura dantza” lanarekin, eta 10 urte arteko mailan Maddi Etxaniz eibartarrak lortu du saria "Azoka” kartelarekin.
- Aproposa iruditzen zaizu kartela aztertu eta deskribatzea, edo ikusle bakoitzak bere interpretazioa egin dezala nahiago duzu?
Printzipioz, kartelak ez lirateke esplikatu behar. Kartelek komunikatzeko funtzioa daukate eta kartel harrigarriak egiten saiatzen naiz, deigarriak. Gero, lanak aztertu daitezke atzean izkutatzen dutena edo bere mezua zein den jakiteko.
- Zer aipatuko zenuke San Andres jaietako kartel irabazleari buruz?
Kartel ausarta dela esango nuke. Sanandresen inguruko kontuak sintetizatzen saiatu naiz eta, horretarako, kurba egiten duen marra bat egin dut kartela bi zatitan banatuz. Lana aurkeztu nuenean beldurra neukan, ez nekielako epaimahaiak kartelaren esanahia ulertuko zuen edo ez. Tituluarekin laguntzen saiatu nintzen (‘Zaldi eta tipula’) pista bat emateko. Nire asmoa zein zen ondo ikusten zela aipatu zidaten epaimahaikoek eta pozik geratu nintzen.
- Beraz, arriskatzeak saria izan zuen?
Ez nuen espero, baina horrela izan da eta eskertzekoa da.
- Zertan inspiratu zara kartela egiteko orduan? Sanandresetan Eibarren egona zara?
Eibar ezagutzen dut, baina inoiz ez naiz San Andres jaietan egon. Lizarran ere ospatzen dira eta horrek bai ezagutzen ditut. Azken finean abereak eta nekazaritza nagusi diren azokak kontzeptu berdinen inguruan dabiltza eta hortik abiatu nintzen. Lehiaketa honetan parte hartzen dudan bigarren aldia da aurtengoa eta aurrekoan lan errealistagoa egin nuen. Beste modu batean irudikatu nahi nituen horrelako jaietako elementu tipikoak eta uste dut errealizazioak eman didala garaipena. Kartel minimalista da, soila eta garbia. Kolore birekin eta lerro batekin San Andres jaien inguruko gauza guztiak irudikatzen saiatu naiz.
- Bide luzea egin duzu diseinu grafikoaren eta artearen munduan. Gozatzeko asmoarekin hartzen duzu parte lehiaketetan edo zure lanbidearen zati bat dira?
Sariak jasotzea ondo dago, baina horrelako lehiaketak ihesbidea dira niretzat. Eguneroko jardunean bezeroekin hartu-emanean nago: epeak bete behar ditut, eskaerak egiten dizkidate, nire marka eta produktua saldu behar dut, eta abar. Lehiaketetan, ordea, nahi dudana egiten dut, sortzeko askatasuna daukat eta lagungarria izaten da etorkizuneko proiektuei begira gainera.
- Zer pentsatzen duzu zure kartelek jai batzuei irudia ematen dietela ikustean?
Lan onari egindako onarpena dela deritzot. Urte asko daramatzat diseinu grafikoaren munduan eta egiten dudana asko maite dut. Horrelako lehiaketa bat irabaztea pozgarria da. Batetik, zure kartelak jai batzuei irudia emango dielako. Eta bestetik, epaimahai batek zure irudia aukeratzen duelako. Horrek esan nahi du gauzak ondo egin dituzula. Musikari batek ondo jotzen duenean jasotzen duen txalo zaparrada bezalakoa da hori.
- Aurten Sanandresetara etorri beharko zara, ez?
Bai, derrigorrez! Elur asko egiten ez badu, Eibarren egongo naiz Sanandresetan.