Amaitu da Ipurua eta Unbeko kiroldegietako atezainen greba
Ipuruako eta Unbeko kiroldegietako jarduna normaltasunera itzuli da gaur, urtarrilaren 18an hasi zen atezainen greba amaitu ondoren. Hainbat astetako negoziazioaren ostean, Eibarko Udala eta Greba Batzordea akordio batera iritsi dira eta indarrean jarraituko du ordezkatzen duen beste itun bat sinatu arte.
Udalaren berbetan, "Batzorde Misto bat osatu da Udalaren eta langileen ordezkariekin, akordioaren aplikazioan edo interpretazioan egon daitezkeen desadostasunak konpontzeko xedez, ziurtatuz edozein aldaketa aldez aurretik kontsultatu beharko dela, gutxienez 30 egun lehenago. Gainera, lan-egutegi bat adostu da, atezainen jarduera arautu, eta txanda espezifikoak, txanda-aldaketetako gainjartze-denborak eta zehaztutako errefortzuak ezarriko dituena. Halaber, udako denboraldian estali gabeko igerilekuetan atezaintza-lanak betetzeko kanpoko langileak kontratatzea ere erabaki da".
Udalak lan-poltsa bat sortzeko oinarriak onartzeko konpromisoa hartu du. "Horrela, bermatu egingo da dauden 8 lanpostuak beteko direla, eta baita bajak eta unean uneko beharrak ere", diotenez.
Ia aldarrikapen guztiak
ELA sindikatuak adierazi duenez, "akordioak barne hartzen ditu Udaleko kirol instalazioetako atezainen ia aldarrikapen guztiak. Besteak beste, 8 langileek lanean jarraituko dutela bermatu dute eta lana eta bizitza bateragarri egingo duen lan egutegia adostu dute 2025erako. Hurrengo urteetako egutegiek ere ezaugarri berberak izango dituzte".
SIndikatuaren berbetan, "Udalak ezingo du akordio hau aldebakarrez aldatu; izan ere, langileen gehiengoak dioena errespetatu beharko du. Administrazio publikoan langileen lan baldintzen erabaki gehienak aldebakarrez datozela ikusita, oso positiboki baloratu da puntu hau ere".
Langileek udaleko beste atezainekin konparatuz soldatetan jasaten duten diskriminazioari dagokionez, sindikatuak aipatu du jarritako helegitearen bidez epaitegietan borrokatzen jarraituko duela.