Amañako pilota txapelketak seigarren edizioa biziko du aurten
“Amaña es la Caña” auzoaren sustapenerako sortutako elkarteak aurten ere maiatza eta ekaineko zapatuetan jokatuko diren eskuz pilotako jaialdiak antolatuko ditu. Bertako dorreetako frontoia ardatz izango bada ere, Astelenak eta Altzubarren frontoiek ere hartuko dituzte hainbat partidu. Maiatzaren 10ean, 17an, 24an eta 31n eta ekainaren 14an jokatuko dira benjamin, alebin, infantil eta nesken mailetako sailkapen jardunaldiak. Finalak Sanjuan aurretik, ekainaren 21ean jokatuko dira: Amañako dorreetako frontoian hasiera batean, eguraldia kaskarra bada Astelenara pasatzeko.
Aurreko urteetan parte-hartzaileek zein ondo hartu duten ikusita, antolatzaileek oraindik eta gonbidapen gehiago zabaldu diete beste herri batzuetako pilota-eskolei. Horrela, honakoek hartuko dute parte: Eibar, Elgoibar, Soraluze, Zaldibar, Elgeta, Azkoitia, Bergara, Antzuola, deba, Oñati, Zumarraga, aretxabaleta, Arrasate, Eskoriatza, Mallabia, Leitza, Zornotza eta Adospilota. Guztira, 93 bikote izango dira parte hartzen, 186 neska-mutikoekin.