Amateur eta Eskola mailako Gipuzkoako Txapelketarako prest daude Ipurua klubekoek

Igandean urte hasierako erakustaldia eskaini zuten Ipurua kiroldegian motorrak berotzeko
Amateur eta Eskola mailako Gipuzkoako Txapelketarako prest daude Ipurua klubekoek
2026/01/28 09:52
Ekhi Belar Errasti

Ipurua Gimnasia Klubak indartsu ekingo dio urteari, herriko gimnastak Amateur eta Eskola mailako Gipuzkoako Txapelketan murgilduko direlako. Eibarko taldeak kadete mailako bi talde aurkeztuko ditu lehiara eta senior, jubenil eta kadete mailako 17 gimnasta bakarka arituko dira.

Zapatuan, urtarrilak 31, Amateur Txapelketaren lehen sailkapen fasea jokatuko da Bergaran. Otsailaren 7an eta 8an, berriz, alebin eta infantilen txanda iritsiko da, Donostian. Eskola txapelketarako 60 ume inguru aurkeztuko ditu Ipuruak: bost talde alebin eta lau infantil lehiatuko dira lehen sailkapen fasean eta hamar gimnastek egingo dute bakarkako lana. “Ipuruak harrobi handia duela erakutsiko du hastear dagoen denboraldian”, dioskue taldetik.

 

Erakustaldia Ipuruan

Dena dela, motorrak berotzen hasteko, joan den igandean, urtarrilak 25, urte hasierako erakustaldia egin zuten Ipuruan. Bertan, estatu mailako federatuak, amateurrak eta eskola adinekoak elkarrekin aritu ziren zortzi entrenatzaileen aginduetara.