“Ametsa” eta “Bacoleku Urkizu” izan dira aurtengo Gilda Lehiaketako irabazleak
2019/04/02
11:45
eta kitto!
Ostalariak eta Dendariak Berbetan programaren barruan “Euskeraz Primeran” V. Gilda Lehiaketa izan genuen aurreko asteko eguazten, eguen eta barixakuan. Toribio Etxebarria kaleko “Ametsa” izan da epaimahaikideentzat gildarik onena aurkeztu duen taberna, baina aipamen berezia egin nahi izan diote Untzagako “Guridi” tabernako gildari ere. Herritarren artean, berriz, Urkizuko ”Bacoleku” taberna izan da irabazlea. 150 euroko saria eta diploma jasoko dute gaur arratsaldean bi taberna irabazleek.
Aurreko urteetan bezala arrakasta handia izan du lehiaketak ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen lehiaketak. 22 tabernak hartu dute parte, eta hiru egun horietan jende mordoxka ibili da tabernetan, gildak dastatzen.
Epaimahaia osatu duten Mireia Alonso, Josu Mugerza eta Iñigo Kortabitartek ez dute lan erraza izan erabakia hartzerako orduan. Parte-hartzaile kopuru altua eta batez ere aurkeztutako lanen maila ona azpimarratu nahi izan dute hirurek. Adierazi dutenez, “Txalotzekoa da ostalariek hartzen duten lana lehiaketan parte hartzeko, eta horren islada da herritarren artean lehiaketak daukan arrakasta“.
Guztira 3.000tik gora lagunek eman dute botoa eta horien artean zozketatu dugun ASTEBURUKO EGONALDIA Carmelo Benaventeri egokitu zaio. Zorionak!!!