Ana Telleria Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Auzoak Biziberritzeko eta Hiri Agendako zuzendari izendatu dute
Ana Telleria sozialista Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Auzoak Biziberritzeko eta Hiri Agendako zuzendari izendatzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Ekonomia Zientzietan lizentziatua (Nazioarteko Ekonomia espezialitatea), Telleria 2013an hasi zen Eibarko Udalean beharrean, Alkatetzako idazkari gisa, eta 2015eko maiatzaz geroztik zinegotzia da. Bederatzi urte eta erdi hauetan, besteak beste, Langileria eta Garapen Ekonomikoko sailetako arduraduna izan da, eta, gaur egun, Eibarko Udaleko lehen alkateorde eta Ogasun eta Hirigintza zinegotzi delegatua da. Horrez gain, Gobernu Irekiko Ordezkaritza eta PSE-EE taldeko bozeramailetza ere baditu.
Denis Itxaso sailburu sozialista buru duen sailean beteko duen kargu berria Eibarko Udalean egiten duen lanarekin bateragarri egingo du, “urtarrilaren hasieran aurrekontuak onartu arte”. Telleriaren berbetan, “erabaki garrantzitsu guztiak bezala, arretaz hausnartu behar izan nuen, baina nahiko azkar ikusi nuen, eta are gehiago lehen unetik alkatearen, alderdiko exekutibaren eta Itxaso sailburuaren aldetik izan dudan laguntzari esker. Izan ere, asko eskertzen diet nigan jarritako konfidantza, bai eta, nire kezka partekatuz, Udalean nire ordezkapena modu ordenatuan egitea ere, Eusko Jaurlaritzara joateak ez dezan inolako nahasmendurik eragin, ez barruan, ez hirian". Izan ere, Telleriak uko egingo dio Udalean duen liberazioari, baina ez zinegotzi-aktari, 2025eko Udal Kontuak onartzeko Osoko Bilkurara arte. Litekeena da urtarrilaren hasieran izatea, eta epe horretan bateragarri egingo ditu Ogasuneko zuzendari eta zinegotzi lanak.
Bere izendapena publiko egitean, “erronka hau ilusio eta erantzukizun handiz” hartzen duela esan du Telleriak: “Eibarko zinegotzi hautatu nauten hiru aldietan bezala, eta hori pribilegioa izan da niretzat, hitzaren zentzurik nobleenean. Eibartarrek nigandik espero zutenaren mailan egon naizelakoan nago, Hiriaren zerbitzura jarri dut beti nire gaitasun eta dedikazio guztia, Eibar hiri hobea izan dadin laguntzeko helburu bakarrarekin. Jakina, hemendik aurrera ikuseremua zabaldu behar badut ere, Eibarrek nire pentsamenduan eta bihotzean jarraituko du, eta, Eusko Jaurlaritzatik, gogor jarraituko dut lanean Moguel eta Txontako esperientziak biziberritzeko beharra duten beste auzo batzuetan erreplika daitezen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dezaten”.
Telleriak eskerrak eman nahi izan dizkie urte hauetan Udal gobernua berarekin partekatu duten zinegotzi sozialista guztiei, alderdi sozialistari berari, Eibarko herritarrei eta udal langileei, “zerbitzari publiko horiei, beti, onetan eta bereziki txarretan, aliatu handiak aurkitu baititut, ez bakarrik aurre egiteko, baizik eta arrakastaz gainditzeko, ukondoz ukondo, hiriak urte hauetan izan dituen erronka ugarietako asko”. Era berean, Telleriak eskerrak eman dizkio oposizioari, egindako lanagatik.