Anaitz Arbilla eta Beñat San Jose 2027ra arte geratuko dira SD Eibar-en
Hypermotion Ligan bere ibilbidea amaitu berritan, 2026/27 denboraldirako lanean hasi da SD Eibar. Atzo, Anaitz Arbilla kapitainak beste urtebetez jarraituko duela jakinarazi ondoren, Beñat San Jose entrenatzaileak ere bere kontratua 2027ra arte luzatu duela jakitera eman du gaur goizean.
Arbillak, horrela, 11 urte beteko ditu taldean, 2016an iritsi zelako Eibarrera. Urte hauetan 309 neurketa jokatu ditu talde gorriurdinarekin eta, 39 urte izan arren, oso garrantzitsua jarraitzen du izaten, aurten 35 partidatan aritu baita, horietako 33tan titular bezala.
San Jose, ostera, 2024/25 denboraldiaren erdian etorri zen Eibarrera, Joseba Etxeberriaren ordez. Lehen denboraldian irudi ona eman zuen eta aurtengoa eskas hasi, jaitsiera postuetatik gertu ibiliz, baina bigarren itzulia historikoa izan da eta ia play-off postuetan sartu du taldea.
Guztira, 60 neurketa zuzendu ditu talde eibartarrarekin, 27 garaipen, 17 berdinketa eta 16 porrot lortuta. Hau da, Eibarrekin duen garaipen portzentajea % 45ekoa da, klubaren entrenatzaile arrakastatsuenetarikoa bihurtu delarik. Beraz, klubak bere kontratua 2027ra arte luzatzea erabaki du.
Corpasen agurra
Jose Corpasek, ostera, taldea lagako du. Andaluziarrak bost denboraldi jokatu ditu Eibarrekin (207 partida, ia 15.000 minutu, 32 gol eta 22 asistentzia) eta kamiseta gorriurdinarekin partida gehien jokatu dituzten 15 jokalariren zerrendan dago. Oso jokalari garrantzitsua eta maitatua izan da Ipuruako zaleentzat, baina agur esateko ordua iritsi zaio.
Zurrumurruak hasi dira
SD Eibar-ek ez du oraindik fitxaketarik jakinarazi, baina hasi dira taldearen inguruko zurrumurruak zabaltzen. ‘Cazurreando’ kontuaren atzean dagoen Angel Garcia kazetariaren arabera, Jon Magunazelaia eibartarra ez da San Joseren planetan sartzen datorren denboraldira begira. Gainera, Eibarrek eraso postuetan arituko diren bi jokalari bilatzen dituela dio: “8 bat eta 10 bat”.
Garciaren arabera, Eibarrek Osasuna Promesas taldeko Carlos Lumbreras aurrelaria fitxatzeko interesa aurkeztu du, baina bigarren taldean jokatuko luke printzipioz.