Ander Maiora, idazlea: “Gure kulturaren basamortua atzean utzi nahi duen pentsaera agertu nahi du liburuak”

Ander Maiora, idazlea: “Gure kulturaren basamortua atzean utzi nahi duen pentsaera agertu nahi du liburuak”
2018/03/16 10:06
eta kitto!
Bere bigarren liburua argitaratu du Ander Maiorak, ‘El páramo’. Lehen lanean bezala, ‘La clemencia del tiempo’, aforismoak dira protagonista, balio literarioa duten esaldi edo esaera gogoangarriak. Egunerokotasunean sortutako gogoetan islatzen ditu lan honetan idazle eibartarrak, “kontzientziak ziztatu, pentsamendu berriak sorrarazi, tripak nahastu edo hausnarketarako hauspoa izateko”.

 

-“El páramo “ izenburua duen liburua argitaratu duzu. Nolako basamortua irudikatzen da liburuan?

“El páramo”-k gogoetak, aforismoak eta apunteak batzen ditu. Liburuak, aurrera egin eta gure kulturaren basamortua atzean utzi nahi duen pentsaera agertu nahi du. Basamortu hori, historiak ekarri duen horizontaltasun nihilistaren emaitza da. Horrela, bere erlatibismoa dela eta, ezin da egiarik aldarrikatu, eta egiten ditugun aldarrikapenak, adierazpenak edota baieztatzen ditugun fedeak, besterik gabe pilatzen dira, hondar aleak izango balira bezala.

-Aforismoak dira protagonista liburuan. Nondik datoz gogoeta horiek?

Egunez egun hartutako apunteak dira eta irakurtzen, entzuten edo ikusten dudan gauzetan oinarritzen dira. Printzipioz, ez dute elkarrekiko loturarik. Ondoren haien gainean egindako lanari eta gogoetari esker, liburuak erakusten duen forma eraikitzen da; modu horretan, jardunaldi kontsekutiboekin ibilbidea osatuz. Hortik aurrera, behin eta berriro egindako errebisioek amaitu ezineko aldaketak sortzen dituzte, horregatik, sarritan, hasiera baten osatutako liburuak ez dauka inongo antzekotasunik argitaratutakoarekin.

-Hamabi jardunalditan banatzen da liburua. Zein da horren asmoa?

Banatze horrek, alde batetik, basamortutik ihesi nahi duen ahotsaren noraezeko ibilbidea adierazi nahi du. Bestetik, irakurleari atsedenak emanez, ibilbidea errazagoa eta erosoagoa egin nahi dio.

-“La clemencia del tiempo” izan zen zure lehen liburua. “El páramo”-k liburu horren bidea jarraitzen du moduren baten?

Bai, aforismo-liburua den neurrian. Aurreko liburua bloke tematikoetan banatuta zegoen eta apunteak, orokorrean,  luzeagoak ziren. “El páramo”, aldiz, pentsamendu laburrez osatuta dagoen gogoeta-katearen irudia islatzen du. Hala ere, izaera eta kutsu bera daukatela uste dut.

-Zure gogoetak islatzen dituzu liburuan, baina jaso duzu irakurleen erantzuna?

Argitaratu denetik ez da irakurleen ekarpenak jasotzeko denbora nahikoa pasatu, nahiz eta, jada, liburuaren inguruko hainbat kritika irakurri ditudan. Irakurle bakoitzak bat egingo du liburuak jasotzen dituen gogoeta guztiekin, hainbatekin edo berekiko guztiz aldenduak ikusiko ditu, bakoitzaren sentsibilitatearen baitan. Izan ere, hori da edozein gogoetaren helburua: kontzientziak ziztatu, pentsamendu berriak sorrarazi, tripak nahastu edo, besterik gabe, hausnarketarako hauspoa izan.