Andretxeak antolatu dituen ikastaro eta tailerrak aurkeztu dituzte
2023/09/22
14:22
eta kitto!
Urteko azken hilabeteetan Andretxean eskainiko dituzten tailer eta ikastaroen aurkezpena egin zuten atzo Jon Iraola alkateak eta Patricia Arrizabalaga Berdintasun zinegotziak. Azaldutakoari jarraituz, “gune feminista batean egiten diren jarduera hauen helburua herritar guztiak berdintasunean heztea da, hausnarketaren eta parte-hartzearen bidez. Tailer hauek momentu jakin batean egiten dira, eta momentu honetan inoiz baino beharrezkoagoa da elkartegintzako eta herritarren partaidetzarako ingurune batean emakumeentzako lankidetza-, kulturaniztasun- eta ahalduntze-gune bat mantentzea”.
Herritarrak antolatu diren tailer eta ikastaroetan parte hartzera animatu nahi ditu Berdintasuneko zinegotziak, orain arte jende askok izena eman duela gaineratuta : “Tailer hauen arrakasta Eibarren eta gure inguruan dugun kontzientziazio handiaren isla da. Beharrezkoa da antolatzea, eta herritarrengan kontzientzia kritiko eta feminista sustatzea, gure gizartean nagusi diren rol jakin batzuekin hautsi ahal izateko”.
Programazio osoa Andretxearen webgunean ikus daiteke. Aurrematrikula egiteko, udalaren eta Andretxearen webguneetan dagoen formularioa bete daiteke edo, bestela, Andretxean bertan zein Pegoran ere eskuragarri dago izen-emateko orria. Horretarako epea irailaren 30ean amaituko da.