Anexoak Futbol 7 PC Liga Nazionaleko sei partidu hartuko ditu bihar eta etzi
Ipuruako Anexo zelaiak hartuko ditu asteburu honetan garun-paralisia eta hartutako garun-kaltea dutenentzako 7. Futbol Liga Nazionalaren 4. eta 5. jardunaldiak. Espainiako Federazioak (FEDPC) antolatzen duen lehiaketaren gaur egungo txapelduna da SD Eibar Fundazioaren taldea, eta zapatuan, 15:00etan hasita, Extremadurako Federazioaren taldearen aurka jokatuko du, domeka eguerdian, 12:00etatik aurerra, Fundación Segunda Parte aurkari izango duen bitartean. Azken hori da gaur egungo liderra, jokatutako hiru partiduak irabazi baititu. Eibar-ek bi partidu jokatu ditu orain arte, Madrilgo Galapagarren eta Alacanten, biak irabaziz gainera. Beraz, lidergoa jokoan izango da bi horien artean.
Eibarko fasea jokatu ondoren, 6. eta 7. jardunaldiak apirilaren 13an eta 14an jokatuko dira Vilanova i la Geltrun (Bartzelona), eta azken play-offa maiatzaren 18an eta 19an Madrilen izango da. Asteburu honetako partiduek honako ordutegia dute: zapatuan, FEXDPC-SD Eibar Fundazioa (15:00), CD Tenerife PC-CD AMDDA (16:30) eta Hercules Paralinpiar-Disport FC (18:00); eta domekan, CD Tenerife PC-Disport FC (09:00), CD AMDDA-FEXDPC (10:30) eta Fundación Segunda Parte Elecnor-SD Eibar Fundazioa (12:00). SD Eibar Fundazioaren taldeak Grupo Eibar eta Krean taldeen babesa du.