Angel Atanasio Rinconek jasoko du XXIX. Indalecio Ojanguren Ohorezko Saria

Aurreko astean kaleratu genuen informazioa EZ ZEN ZUZENA, konturatu barik iazko aktako datuak hartu genituen eta.
Angel Atanasio Rinconek jasoko du XXIX. Indalecio Ojanguren Ohorezko Saria
2026/10/13 11:26
Silbia Hernandez Arrazola

Urriaren 3an bildu ziren Portalean XXIX. Indalecio Ojanguren Argazki Lehiaketako epaimahaikideak (Carmen Castillo Vega, Koldo Badillo Rodriguez eta Pablo Freijo Urrieta), eta aho batez erabaki zituzten aurtengo sariak. Argazki bilduma onenari ematen zaion Indalecio Ojanguren Ohorezko Saria Angel Atanasio Rinconek jasoko du, ‘Despoblación rural’ izenekoarekin. Indalecio Ojanguren Sariak, berriz, Oskar Manso Navasek (‘La banalidad del mal’ lanarekin), Diego Pedra Benzalek (‘Niebla’ bildumarekin), Juan Antonio Palaciosek (‘Shura’ lanarekin) eta Emilia Valencia Martinek (‘La luz que dibuja la penumbra’ bildumarekin) jasoko dituzte.

Euskal Herri mailako Indalecio Ojanguren Sarietan, Jose Agustin Gurruchagak lortu du lehen postua, Oscar Bagliettok bigarrena, eta Carlos Romero Bilbaok hirugarrena

Herri mailako sarietan, Virginia Arakistain Ariznabarretak irabazi du lehen saria, Pedro Arriola Arrizabalagak bigarrena, eta Daniela Agudelo Pintak hirugarrena. Hiru saridunak Eibarko Klub Deportibokoak dira.

Bestalde, 8 eta 16 urte arteko parte-hartzaileen argazki onenaren saria Endika Cabrera Mejiasentzat izan da. Sari-banaketa ekitaldia urriaren 30ean izango da, Portalean, erakusketaren inaugurazioan.

Aurtengo lehiaketan 45 parte-hartzaile egon dira (Eibarko 10, Eibartik kanpoko Euskal Herriko beste toki batzuetako 21, eta estatuko 14).

Guztira, 73 argazki bilduma eta 216 argazki aurkeztu dira. Gainera, sei parte-hartzaile sailkatu dira Argizaiola AGZ47-04/2026 lehiaketarako: Oskar Manso Navas, Juan Antonio Palacios, Jose Agustin Gurruchaga, Oscar Baglietto, Carlos Romero eta Virginia Arakistain.