Angel Fernandez Zapico: “Foballari esker lortu dut herrian guztiz integratzea eta horregatik bakarrik oso harro nago”

Angel Fernandez Zapico: “Foballari esker lortu dut herrian guztiz integratzea eta horregatik bakarrik oso harro nago”
2021/04/09 11:59
eta kitto!
1969an hasi zuen Eibar FT-rekin harremana eta, 52 urteren ondoren, otsailean jubilatu zen. Klubaren estamentu guztien omenaldia jaso zuen Ipuruan bertan eta, gutxinaka bada ere, badoa bizitza berrira moldatzen. Hori bai, oraindik egunero ematen du bueltatxoa Ipuruatik, etxetik gertu duela aprobetxatuz. Zoriontsu jarraitzen du izaten gorri-urdin koloretatik gertutasun horretan, harreman horrek asko aberastu duela dioen bitartean.

 

Zer izan da zuretzat egin zizuten omenaldia? Ezustekoa jaso zenuen?

Nire ibilbidearen errekonozimendua. Urteetan egin dudana laburbiltzen du, lortu ditudan lagun guztiak ekartzen dizkit gogora... Poztu nintzen, egia esateko. Hala ere, aurreko egunetan, Arrasaten-eta, igarri nuen zeozertan bazebiltzala... Detaile polita izan zuten guztiek nirekin.

 

Zertan aldatu zaizu zure egunerokoa ordutik?

Ia guztia aldatu zait. Akabo lana, bidaiak, Atxabalpe... Hori bai, ahalegintzen naiz Ibai Diez eta Juan Luis Garate nire ondorengoei laguntzen. Bestela, paseoak egiten ditut, gimnasiora ere joaten naiz... Aktibo jarraitzen dut. Ipuruara egunero nator, etxetik ehun metrora izanda eusten diot ohitura horri, baina obligaziorik gabe, konfiantza aprobetxatuz.

 

Delegatu, entrenatzaile, zuzendaritza-kide, utillero... Denetarik egin duzu klubean. Zerekin identifikatzen zara gehien?

Sasoi onenak utillero bezala bizi izan ditut, jokalariekin ere harreman osoena urte horietan izan dudalako. Asko gozatu dut talde horretako kide sentitzearekin. Dena dela, foballari esker, izan kargu batean zein bestean, herrian guztiz integratzea lortu dut eta, horregatik bakarrik, oso harro nago.

 

Profesionalki, hala ere, Eibar FT-n utillero moduan jardun duzu bakarrik, ezta?

Bai, aurretik ez nuen kobratzen. Arrieta eta Barasoainen laguntzaile izan nintzenean ere egoera oso bestelakoa baitzen. Entrenamenduak arratsaldez izaten ziren bakarrik; 2. A mailara igotzean hasi ginen goizez entrenatzen.

 

Badago une berezirik, zure ibilbide guzti horretan, inoiz ahaztu ezingo duzuna?

Igoera guztiak dira ahaztezinak, baina Badajozekoa beti izango dut gogoan. Igoera horren atzetik urte asko generamatzalako ere izango zen, baina handik bueltan Eibarren bizi izan genuena ikaragarria izan zen: Azitaindik sartu eta zenbat kostatu zitzaigun Eibar zeharkatzea. Igoera guztiak ospatzekoak diren moduan, jaitsierei dagokie une tristeak bizitzea: 1. Mailan gauden moduan, Erregionaletik ere pasatutakoak gara-eta.

 

Zer eman dizu Eibar FT-k? Eta herriak, zer eskaini dizu Eibarrek?

Maila pertsonalean naizen guztia hemen eskuratu dut, hona heldu eta eibartarrokin integratzea. Lanera etorri nintzen, pozik jardun izan dut, harreman publiko asko eta handiak egin ditut, familiakooi ere ondo tratatu gaituzte beti...

Zutaz ondo hitz egiten badute, badago hori baino handiagorik?

Zapico4

Hainbeste fazeta izan duzunez, izan da horien artean markatu dizunik, izan zuzendari, izan entrenatzaile, izan jokalari?

Zuzendaritza arloan Javier Iturralde aipatu behar dut derrigorrez; berarekin egin nuen bat Lauronan eta izan nuen cicerone Eibar FT-n ere. Entrenatzaileei begira, Juanjo Arrietak eta Alfonso Barasoainek markatu baninduten ere, Garitano eta Mendilibarrekin gauza asko bizi izan ditut. Eta jokalariak... hainbeste izan dira. Bat esaten hasita, Diego Jimenezen gizatasuna nabarmenduko nuke, ez ahaztu gainera bere herriko Alcoyanori sartu zion golarekin hasi zela Eibar FT-k bizi izan duen sasoirik oparoena. Egon badaude Garmendia bezalako instituzio deitu daitezkeenak ere.

 

Beste kluben ondoan, zertan da desberdina Eibar FT? Eta zertan taldearen zaleak?

Eibar FT berezia da oso, batez ere familia modukoa osatzen dugulako. Edonondik datozela ere, jokalariak berehala integratzen dira, aldagelak bat egiteko eskaintzen duen erraztasunagatik. Askotan aipatu bada ere, hemen dugun txokoak ere garrantzi berezia du, denboraldi amaieran horrek puntuak ematen dituelako. Beste talde batzuek ere horregatik digute holako errespetua, orain dela gutxi Huescatik esaten zidaten moduan. Zaletuei buruz, onik besterik ezin dut esan: bereziki zaratatsuak ez dira izango eibarzaleak, baina bere taldearen alde egiten dute aurkariarekin sartu gabe, jaleorik inoiz piztu ez duten horietakoak dira.

 

Eibar FT alde batera lagata, baduzu beste talde kutunik? Izan da zurekin detailerik izan duen talderik?

Txikitan Langreo jarraitzen nuen gertutik, eta orain ere jarraitzen dut 2. B mailan, Sporting ere gogoko dut... Eta euskal talde guztiekin ere ondo moldatzen naiz. Beste utillero guztiek sinatutako kamisetak ere jaso ditut. 2. A mailara igo ginenean Whatsapp taldea osatzea proposatu nuen eta hor gaude 1. eta 2. mailako guztiak.

 

Zein amets geratzen zaizu errealitate bihurtzea gustatuko litzaizukeena?

Gure kirol-hiria amaituta ikustea! Hori izango litzateke handiena! Eta espero dut, bi urteko atzerapena daramagun arren, amets hori gauzatzea.

 

Denboraldi amaiera gerturatzen doan honetan, zelan ikus-ten duzu egoera? Beldurrik bai?

Gauzak gordinegi ikusten hasi naiz. Taldeak borrokatzen du, baina ez dugu golik; eta berdinketekin ez dugu nahikoa izango. Iaz ere gauzak zailtzen hasi zitzaizkigun, baina pandemia piztu ondoren jakin izan genuen egoerari buelta ematen. Orain geratzen zaizkigun aurkariak ere sailkapeneko goi aldekoak dira eta ez dugu samur izango. Fisikoki jokalariak ondo ikusten ditut, baina kalitateak markatzen du azken batean. Jokalari berriekin ez da asmatu aurten, eta badira beste batzuk euren onena emanda daudenak.

 

Jenderik gabeko foballa... bada foballa?

Bueno, bueno... hori bai ezetz! Nou Camp-eko partidu batek Atxabalpeko entrenamendua dirudi-eta. Ez dago inongo saltsarik. Pandemiaren eraginez, gainera, ez da erraza izango berriro ere 5.000-6.000 lagun biltzea Ipuruan. Ohiturak ere aldatzen joaten dira, eta kostatuko zaigu lehengora itzultzea.

 

Eta VAR-aren aldekoa zara? Edo ez dizu konbentzitzen?

Beharrezkoa zen erreminta da: baloia marratik irten bada, gol-fantasmak saihesteko, horrelakoetan mesedegarria da, foballarendako justuagoa izateaz gain. Eibarri ez diola kalterik egin esango nuke. Badira arlo batzuk, dena dela, hobetzekoak; orain eskuen arazoa dago pil-pilean, larregizko zi-gorra batzuetan...

 

Oiarzabal olatu onean da Realean, baina zaila da herriko jokalariak Eibarrekin jokatzen ikustea.

Azken aldian Eibarko jokalari gutxik egin dute aurrera, hori egia da. Baina harrobian ere kanpoko jokalari asko daude, eta horrek etxekoei ez die inolako mesederik egiten. Vitoria filiala, esaterako, talde handia da dagoen mailakoekin konparatuz, baina kostatzen ari zaio gora egiten; hor, adibidez, bakarra uste dut dela Eibarkoa. Lehen talderako ere apenas atera dugu jokalaririk orain arte.

 

Pandemiaren geldialdiak zaletuei eragingo badie ere, ez da gutxiagorako izango jokalari gazteenetan izan dezakeen eragina, ezta?

Ia bi denboraldi normaltasunik gabe jokalariaren osaketa-prozesuan...Jokalari gazteen kasuan ere guztiek ez dute garapen bera izaten: badira batzuk lehenago hasten direnak maila ematen eta beste batzuk astiroago joaten direnak. Hor dugu Barrenetxearen kasua, Eibarko bere familiakoak ezagutzen ditut, eta indartsu ekin dio Realean. Griezmann bera ere horrela nabarmendu zen. Geldialdiak, jakina, inori ez dio mesederik egingo.