Angel Lopezek beste legegintzaldi bat egingo du Eibarko Txirrindulari Elkarteko presidente
Zapatuan Portalean egin ziren Eibarko Txirrindulari Elkarteako ohiko eta ezohiko batzarrak eta, bertan onartu ziren erabakien artean, orain arte presidente karguan egon den Angel Lopezek beste legegintzaldi baterako jarraitzearena hartu zen. Zuzendaritzak aurkeztutako puntu guztiak onartu zituzten bazkideek eta, horien artean, klubak gero eta gastu handiagoei aurre egin behar dienez, urteko kuota 5 eurotan igotzea erabaki zen. Bazkideei jakinarazi zien, aldi berean, Gabonetako loteriaren itzulerari dagokionez, astelehen eta eguaztenetan klubaren lokaletik pasa daitezkeela kobratzera, 19:00etatik 20:00etara. Ahaztu barik aukera dutela zikloturisten lizentziak berritzeko: tramite hori clubciclistaeibarres@gmail.com helbidera dokumentzazioa bidaliz edo, bestela, presentzialki, eguaztenetan 19:00etatik 20:00etara egin dezakete.
Azkenik, 2025eko egutegiari dagokionez, hauek dira bost probetako datak: martxoaren 2an junior mailako Udaberri Sariaren 47. edizioa jokatuko da, apirilaren 27an kadete mailako Eibarko Txirrindulari Elkarteko Sariaren 8. edizioa, maiatzaren 11n elite eta 23 urtetik azpikoen Valenciaga Memorialaren 54. edizioa, ekainaren 15ean jubenil mailako San Juan Sari Nagusiaren 89. edizioan eta, azkenik, urriaren 5ean UCIko emakumezkoen Eibarko Sari Nagusiaren 7. edizioa. Aipatutako daten inguruan, azpimarratzekoa da azken proba hori ohiko sasoiz aldatuko dela aurten, udaberritik udazkenera pasatuta. Lasterketetatik kanpo, urtero egiten diren beste hiru ekitaldik ere bere tokia izango dute egitarauan: otsailaren 19an Udaberri Kontzertuaren 16. edizioa egingo da Coliseon, irailaren 28an Pedal edo Bizikletaren Egunaren 20. edizioa jokatuko da eta, azkenik, azaroaren 22an Txistorraren Egunaren 21. edizioa egingo dute.