Aniaiz Ariznabarreta (BLM #9akLibre): "Epaiketa oso gogorrari egin beharko diogu aurre, eta euren joko-zelaian"

Aniaiz Ariznabarreta (BLM #9akLibre): "Epaiketa oso gogorrari egin beharko diogu aurre, eta euren joko-zelaian"
2016/05/13 10:28
eta kitto!
Ekinen antolakuntzaren kide izatea egotzita bederatzi euskal herritarren aurkako epaiketa hasiko da datorren astean, maiatzaren 17an. Auzipetuetako bat da Aniaiz Ariznabarreta eibartarra, torturan oinarritutako epaiketa salatzeko asmoz orain dela hile batzuk abiatutako 'Basque Lives Matter' kanpainako protagonistetako bat. Estatuaren biolentziaren aurrean oldartzeko 2013an hainbat ekintzaile beltzek Estatu Batuetan ohikatu zuten "Black Lives Matter" berea egin nahi izan dute, "Euskal Herrian giza eskubideez gozatzen ez duten bizitzek ere axola dutela uste dugulako".

- Zuen kontrako epaiketa hastear dago, baina zu atxilotuta eraman zintuzten eta kartzelan ere egon zinen...
2010eko irailaren 14an atxilotu gintuzten 9 lagunak, lauzpabost eguneko inkomunikazioa aplikatu ziguten denoi eta horren ostean denok torturak salatu genituen. Urte bi eman genituen kartzelan, bataz beste etxetik 500 kilometrora zeuden espetxeetan eta harrezgero epaiketaren zain gaude.

- Eta nola bizi izan dituzu hilabete hauek guztiak, epaiketa noiz izango zen jakin barik?
Ziurgabetasuna itzela da. Hori ez baduzu modu kontziente batean lantzen blokeatu eta gainditu zaitzake. Eta, epaiketaren zain egotearekin batera, bizitzako kontu guztiak atzeratzen joaten dira, ezin duzu planik egin, etorkizunerako proiektuetan pentsatu...

- Egun gutxi falta dira epaiketa hasteko, nola zaude animoz?
Entzutegi Nazionalak guk salatu genituen tortura horien bitartez lortutako adierazpenetan oinarrituko du epaiketa. Gutariko bakoitzarentzat 9 eta 15 urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen du akusazioak, Dignidad y Justiciak. Epaiketa oso gogorrari egin beharko diogu aurre, guk salatu genituen torturetan parte hartu zuten Goardia Zibilekin topo egingo dugu, gertatutakoa berriz gogora ekarri… eta hori guztia euren joko-zelaian, gainera.

- Egunotan hainbat kasutan zigorrak berrikusi eta jaisteko aukeraz berbetan dihardute. Horrek epaiketarako baikorrago izateko arrazoirik ematen dizu?
Gaur gaurkoz espetxera joateko mehatxuak bere horretan dirau, guztia pasatzen den arte ez dago tentsio maila jaisteko modurik. Ezin dugu ahaztu ETA-ren su-etena iragarri eta 9 egunera atxilotu gintuztela gu, gerra-trofeo modukoa gara.

- Ez da denbora asko zure ahizpa atxilotu eta askatu dute, … Nola egiten zaio aurre horrelako egoerari?
Bere garaian egindako autuekin berretsita, horien zilegitasunean are gehiago sinistuta, baina oso gogorra da, bai. Naroa ere sententziaren zain dago eta etxe eta ingurukoentzat egoera gogorra da.

- Eibarko Librek zein beste batzuek adierazitako elkartasunak aurrera egiten laguntzen dute?
Horrelakoak beharrezkoak dira, zoritxarrez. Denok nahiko genduke gauzak bestelakoak izatea, baina gauden egoeran egonda, egiten dutena benetan txalotzeko modukoa da, are gehiago jakinda oraindik ere zer nolako mehatxua dagoen. Biharko egitaraua antolatzeaz gain, epaiketa egunerako ere epaiketa salatzeko mobilizazioak antolatzen dabiltza eta gertatzen den guztiaren berri ematen joango dira BasqueLivesMatter, #9akLibre-ren bidez.