‘Antxintxika Eibar’ erronka egingo da apirilaren 27tik maiatzaren 25era

‘Antxintxika Eibar’ erronka egingo da apirilaren 27tik maiatzaren 25era
2023/04/20 08:27
eta kitto!
Eibarko Udalak ‘Antxintxika Eibar: Klubak’ erronka antolatu du Wellk startup-arekin batera, eibartarren artean jarduera fisikoa sustatzeko eta herriko kirol-talde eta gimnasio ezberdinetako pertsonen arteko interakzioa bultzatzeko asmoz.

Erronkan herriko 11 klub/gimnasiok hartuko dute parte eta bete behar duten helburua sinplea da: jarduera fisikoa eginez, klubetako kideek ahalik eta kilometro gehien egitea. Hau da, parte-hartzaileek klub baten izenean hartuko dute parte eta egiten dituzten kilometroak klubaren kilometro kopuruari gehituko zaizkio.

Horretarako teknologia izango dute lagun, Wellk-ek prestatutako aplikazioaren bitartez, eta pausu hauek jarraitu behar dira parte hartzeko: 1) Wellk aplikazioa deskargatu; 2) App-ean erregistratu; 3) “Erronkak” atalean sartu; 4) Ekipoetan, “Talde batera batu”; eta 5) Zure klubaren kodea sartu. Esan behar da ez dela zertan klubarekin harremana izan behar bere izenean parte hartzeko, kodea jakitearekin nahikoa izango da.

 

Parte hartzen dute kirol-talde eta gimnasioak

Edozeinek hartu dezake parte erronkan kluben kodeak sartuz. Hemen dituzue kodeak:


  1. Eibartarrak Futbol taldea: EIBARTARRAK

  2. Eibarko Klub deportiboa: DEPORTIBOA

  3. D. Ttatt: TTATT

  4. URKI C.D: URKI

  5. Eibarko Rugby Taldea: RUGBY

  6. Arima Galduak Jugger: ARIMAGALDUAK

  7. Eibarko “URBAT” Waterpolo K.E.: URBAT

  8. Crossfit Eibar: CROSSFITEIBAR

  9. Bali Eibar: BALIEIBAR

  10. GoEibar: GOEIBAR


 

Hasierako ekitaldia

Esan bezala, erronka hilaren 27an hasiko da eta ekitaldi berezia prestatu dute egun horretarako. Izan ere, Udalak eibartarrei dei egin die egun horretan, 18:00etan, Untzagara klubetako elastikoak jantzita joateko eta erronkaren lehen kilometroak herriko kaleetan barrena elkarrekin egiteko. “Sariak egongo dira parte hartzen dutenentzat”, esan dute antolatzaileek.

 

Sariak

Erronka amaitzen denean kilometro gehien pilatzen dituen klubari 250 euroko saria emango dio Udalak, egiten duen jarduerarekin lotutako kirol-materiala erosteko. Eibarko dendetan erosteko bi bonu ere zozketatuko dira, 50 eurokoa bakoitza, kilometro gehien lortzen dituen klubeko parte-hartzaileen artean.