Argazkiek beteko dituzte herriko erakusketa areto guztiak gaurtik aurrera
2018/05/04
11:30
eta kitto!
Argazkilaritza Maiatzean egitarauaren harira, hasi berri dugun hilabete honetan irudiak aparteko protagonismoa izango du. Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldearen eskutik, egile ezberdinen argazkiek herriko erakusketa areto guztiak beteko dituzte gaurtik hasita. Beste urte batzuetan egindakoari jarraituko diote antolatzaileek oraingoan ere: Portaleko erakusketa aretoan hasiko dute ibilbidea, datozen egunotan han erakutsiko dituzten lanen erakusketak inauguratuta eta handik areto batetik bestera erakusketak zabaltzen jarraituko dute, “ahal dugun guztiak behintzat. Eta denetara sasoiz ailegatzen ez bagara, ba datozen egunetan jarraituko dugu, denetara bisita egin arte”. Ez da erronka makala gero, gaur arratsaldean ia aldi berean bederatzi erakusketa zabalduko dituzte-eta: Eulalia Abaitua, Oskar Manso eta Felix Marban argazkilarien lanak biltzen dituzten erakusketak Portalean; Deporreko Argazki Taldeko kidea den Virginia Arakistainen lanak, berriz, Topalekuan ikus daitezke; Eibarko Klub Deportiboko beste kideen erakusketa kolektibo bana, berriz, El Ambigú eta Portalea tabernetan egongo dira; Klub Deportiboaren tabernan, Argizaiola Sariaren azken ediziora aurkeztutako lanetako batzuk bildu dituzte; eta garrantzi handiko lehiaketekin jarraituta, Untzagako Jubilatu Etxean Nazioarteko Gipuzkoa Sarira aurkeztutako beste lan batzuk erakutsiko dituzte; eta erakusketa-ibilbidea ixteko, El Corte Ingleseko erakusketa aretoan Miguel Parreñoren argazkiak egongo dira ikusgai.
Munduko argazkiak Gonzalo Azumendirekin
Erakusketak ez ezik, bestelako ekitaldiek ere osatzen dute egitaraua eta, tartean, egun guztirako tailerra egingo da maiatzaren 12an (goizeko 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara), Portalean. Aurten, tailerra ematera Gonzalo Azumendi, 30 urtetik gora mundua bere kamararekin hartutako irudiekin erakusten daramatzan argazkilaria etorriko da. Bere argazkiak bidaietan espezializatutako argitalpen ospetsuenetan (El País, El Mundo, Viajar, Viajes National Geographic, Lonely Planet, UNESCO… ) eman dituzte argitara eta, antolatzaileen berbetan, “tailerra motibazio, jakingura, ikaste eta umore uholdea izango da… esperientziak eta teknikak kontatuz, anekdotekin barre eginez ezinezko argazkia lortzeraino, ideiak sortuz… Parte hartzen dutenek ederto pasatuko dute, asko ikasteaz gain”. Oraindik toki batzuk daude betetzeke. Beraz, norbaitek izena eman nahi badu oraindik badago aukera, argazkilaritza@deporeibar.com helbidera idatzita (20 euro balio du).