'Argazkilaritza Maiatzean 2026' aurkeztu dute Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldekoek
Argazkilaritza Maiatzean ekimenaren eskutik, sei erakusketa izango dira guztira, eta denak aldi berean inauguratuko dituzte maiatzaren 8an, barixakuan. Portaleko erakusketa aretoan hasiko dira, 19:00etan. Lau erakusketa ipiniko dira bertan ikusgai: Eugenio Fieni, Angel J. Sanchez eta Jaime de Prado argazkilarien lanekin batera, Argizaiola lehiaketara aurkeztutako lanak ikusi ahalko dira. Jarraian, Topalekura abiatuko dira, hango erakusketa inauguratzeko. Arrate Kultur Elkartearen erakusketa aretoan Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak antolatzen duen Gipuzkoa Nazioarteko Saria lehiaketan saritutako lanak ipiniko dituzte ikusgai. Eta, Portalea tabernan, Bakarne Elejalde eta Virginia Arakistain eibartarren argazkiak ikusteko aukera egongo da. Horrekin batera, hilabete osoa hartuko duen egitarauaren baitan bestelako jarduerak daude: Javier Sánchez-Monge argazkilariaren eskutik argazkigintza dokumentalari buruzko tailerra eskainiko da, Topaketak Kalean jardunaldia ospatuko dute, eta egitarauari urrezko brotxea ipintzeko, Argazki Rallya egingo da maiatzeko azken egunean, Euskal Jaiko domekarekin bat eginez.
Lau erakusketa Portalean
Nenet herria. Bizitza Artikoan izenekoa da Portalean zabalduko dituzten lau erakusketetako bat. Antolatzaileek adierazi dutenez, “Reus-eko FotoArt elkarteari esker, Eugenio Fieni argazkilari italiarraren erakusketa polit hau aurkeztuko dugu. Bere irudien bitartez Nenet izeneko herriaren bizimodua nolako den ikusi ahalko dugu, baita Artikoko paisaiak ere”. Nenetak Errusiako herri indigena bat dira, samoieu jatorrikoak. Elur-oreinen artzainak dira, eta 6.000 urte baino gehiago daramatzate Siberiako iparraldeko muturrean bizitzen, Kanin penintsulatik Tajmyr penintsularainoko lurraldean, Ob, Yenisey eta Pur ibai handien inguruan. Gaur egun 45.000 nenet dira, horietatik 27.000 inguru Yamal penintsulan daude, eta 500.000 elur-orein inguru kudeatzen dituzte.
Oso bestelako irudiak erakutsiko dizkigu Jaime de Pradok. Bodegoi-argazkigintzan espezializatuta dagoen argazkilari honek, argazkia atera aurretik, muntaiak egiten ditu, eta batzuetan astebetetik gora ematen du horrelako lanetan. Argazkilariak berak dioenez, “nire lan guztiak etxeko garajean egokitu nuen estudioan egin izan ditut”.
Aipatutako bi hauekin batera hirugarren erakusketa bat, Angel J. Sanchezen Babel izenekoa ikusi ahal izango da. Argazkilari honen estiloa ere bere-berea da, eta honakoa adierazi du: “Babel hiperkonektatutako gizonaren bakardadearen erretratua da: zarataz inguratua, baina bere baitatik urrun. Etenik gabe taupadaka ari diren hiri hauetan, arkitekturak ispilu gupidagabe gisa jokatzen du: tenplu itzelak, non pentsamendu kritikorik ezak eta sentitzeari uzten diogun horren oihartzunak durunda egiten duten. Geometria zorrotzen eta isilune astunen artean, egia deseroso bat agertzen da: ez dago norberarengandik desagertzea baino bakardade handiagorik”.
Portaleko laugarren erakusketan, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak antolatzen duen Gipuzkoa Nazioarteko Saria lehiaketan saritutako lanak erakutsiko dituzte. Iazko edizioko irabazlea Marian Plaino errumaniarra izan zen, Shapes izeneko lanarekin, baina gure inguruko beste argazkilari batzuek ere saria jaso zuten: Oscar Manso, Vladimiro Garcia, Jose Angel Amuchastegui,
Jose Agustin Gurruchaga, Javier Ortiz, Jose Luis Iraola, Pedro Luis Ajuriaguerra, Anael Corea, Igor Al- tuna, Ibon Perez, Andres Basilio, Gorka Elarre, Bosco Mercadal, Emy De Lema eta Manu Barreiro.
Portaleko erakusketa aretoan egongo dira ikusgai lau erakusketa hauek, eta martitzenetik domekara joan ahalko da, martitzenetik domekara, 18:30etik 20:30era.
Portalea tabernan, berriz, Eibarko Klub Deportiboko Argazkilaritza taldeko bi emakumeren lanak ikusi ahalko dira. Lanzarote uharteari buruzko argazkiak erakutsiko dituzte biek, “bakoitzak bere estiloarekin, kolorez betetako bilduma osatu dute elkarrekin, ikusgarria benetan”.
Tailerra Javier Sanchez-Mongerekin
Antolatzaileen berbetan, “aurten antolatu dugun tailerra lehen mailakoa izango da. Javier Sanchez-Monge argazkilaria guregana gerturatuko da, argazkigintza dokumentalari buruz aritzeko. 8 orduko tailer trinko honetan, proiektu dokumental baten sorrera, aurretiazko ikerketa, lan-metodologia eta kontakizun bisual sendo baten eraikuntza landuko dira. Programak testuinguru konplexuetara sartzeko estrategiak, fixerraren funtzioa, oharkabean pasatzeko artea, argazkietan agertzen diren pertsonen psikologia eta argazkilari dokumentalaren trebetasun sozialak biltzen ditu”.
Saioa maiatzaren 9an (zapatua) izango da, 10:00etatik 13:45era eta 10:00etatik 20:00etara, Portalean. Plazak mugatuak izango dira eta, izena emateko, argazkilaritza@deporeibar.com helbidera idatzi behar da. Tailerraren prezioa 20 eurokoa da.

Topaketak kalean
Handik bi astera, maiatzaren 23an (zapatua), topaketa egingo da kalean, Untzagan, 17:00etatik 20:30era. Bertan, erretratoak egingo dira (Fotoprixen eskutik etxera eraman ahal izango dira argazkiak, doan), argazki-erakusketak egongo dira... Deporreko argazkilarien berbetan, “betiko moduan, dohainik izango da dena. Asmoa argazkilaritza herritar guztiei gerturatzea da”.
Rallya digitalean eta zuri-beltzean
Eta, hilabeteko egitarauarekin amaitzeko, hilaren 31n argazki rallya egingo da. Oinarriak laster kaleratuko dituzte, baina jakina da argazkiak zuri-beltzean eta digitalean egin ahal izango direla, rallya Klub Deportibotik 08:30-09:30 inguruan abiatuko dela, eta 13:30ean amaituko dela. Beste urte batzuetan bezala, Eibarko Euskal Jaiko asteburua aukeratu dute argazki rallya egiteko. Izan ere, rallya festa handia izaten da argazkilari eta zaletu askorentzat, eta, urtero, jende asko etortzen omen da kanpotik, rallyan parte hartzeko.