Argazkilaritza Maiatzean-eko erakusketa guztiak inauguratuta, bihar kaleko topaketen txanda izango da

Maiatzaren 18an, "Anatomía de una foto" tailerra eskainiko du Tino Soriano argazkilari, idazle eta komunikatzaileak. Interesa duenak, izena emateko aukera dauka oraindik, argazkilaritza@deporeibar.com helbidean.
Argazkilaritza Maiatzean-eko erakusketa guztiak inauguratuta, bihar kaleko topaketen txanda izango da
2024/05/03 22:50
eta kitto!

Gaur arratsaldean zabaldu dituzte Klub Deportiboko argazkilaritza batzordeak antolatzen duen Argazkilaritza Maiatzean-eko erakusketak, estatu mailako argazkilari onenen lanekin. Portaleko erakusketa aretoa, Topaleku, Untzaga Gizarte Etxea, Portalea taberna eta Klub Deportiboa, Eibarko erakusketa areto guztiak bete dituzte aurten ere Deporreko argazkilariek. Portalean dago erakusketa nagusia: Iñaki Marcaidaren Momentuaren aurretik eta ondotik, Katy Gomezen Ellas, elles, they..., Adolfo Olmedoren Costa Agata eta Diego Pedraren Distopia izenburukoak ikusi daitezke bertan. Topalekuan, berriz, Deporreko argazki taldeko Txema Artetxeren Un lugar de leyenda izenburukoa dago, Saturrarango argazki ikusgarriekin. Hauekin batera, 51. Gipuzkoa Nazioarteko Sariko lanak Untzaga Gizarte Etxean ipini dituzte ikusgai, eta Argizaiola Sarikoak Deporren bertan. Klubeko Argazkilaritza batzordeko kideen lanak, berriz, Portalea tabernan ikusi ahal dira. Erakusketa guztiak maiatzaren 26ra arte egongo dira zabalik.

Bihar arratsaldean Topaketak kalean

Bestalde, bihar 17:00etatik 20:00etara kaleko topaketen txanda izango da, Untzagan: beste batzuetan bezala, nahi dutenei erretratoa egingo diote, argazkiak erakutsiko dituzte, “argazkilaritza kalera atera eta jendeari gerturatzeko asmoz, dohainik”.

Hurrengo asteburuko zapatuan (maiatzak 11), EHATE Kongresua egingo da Portaleko areto nagusian, goizeko 10:00etatik aurrera. Eta maiatzaren 18an, Anatomía de una foto tailerra eskainiko du Tino Sorianok, goiz eta arratsaldeko saioetan banatuta. Tailerrean parte hartzeko tokia badago oraindik. Interesa izanez gero, argazkilaritza@deporeibar.com helbidean eman daiteke izena. Eta, aurtengo egitaraua ixteko, maiatzaren 26an argazki rallya egingo da.