Argitaratu dute Ipuruako aparkaleku-plazen behin-behineko zerrenda

Argitaratu dute Ipuruako aparkaleku-plazen behin-behineko zerrenda
2026/05/29 11:43
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak Ipuruako aparkaleku plazen onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu du. Santaines kaleko Ipuruako Anexoko etxabeetan dauden garaje-plazak Udalaren jabetzakoak dira eta onartuek plaza 50 urterako erabiltzeko eskubidea izango dute. Guztira 38 plaza esleitu dira.

Esleipena zozketa bidez egin da, eta lehentasuna izan dute gertuko kaleetan bizi direnek (A gunea), nahiz eta gainerako herritarrek ere parte hartu ahal izan duten (B gunea). Zerrenda, gainera, eskabidea aurkezteko ordenaren arabera dago antolatuta, eta onartutako bakoitzari zenbaki bat esleitu zaio.

Alegazio epea zabalik

Behin-behineko zerrendaren aurkako alegazioak aurkezteko epea gaurtik, maiatzaren 29tik, ekainaren 11ra arte egongo da zabalik (biak barne).

Udalaren arabera, ekimenaren helburua auzoan azken urteetan izandako aparkaleku faltari irtenbidea ematea da. Zerrenda Eibarko Udaleko Kontratatzailearen Profilean argitaratu da.