Arkupe, Bacoleku Ego Gain eta Baratze aurtengo Gilda Lehiaketako irabazleak
2021/12/20
12:14
eta kitto!
“Euskeraz Primeran” VI. Gilda Lehiaketa izan genuen aurreko asteko astearte, asteazken eta ostegunean. Untzaga kaleko “Arkupe” izan da epaimahaikideentzat gildarik onena aurkeztu duen taberna, baina aipamen berezia egin nahi izan diote Ego Gain kaleko “Bacoleku” tabernako gildari ere. Herritarren artean, berriz, Bidebarrietako ”Baratze” taberna izan da irabazlea. Bihar jasoko dituzte sariak.
Aurreko urteetan bezala arrakasta handia izan du lehiaketak …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen lehiaketak. 23 tabernak hartu dute parte, eta hiru egun horietan jende mordoxka ibili da tabernetan, gildak dastatzen.
Epaimahaia osatu duten Mireia Alonso, Josu Mugerza eta Ruben Etxanizek ez dute lan erraza izan erabakia hartzerako orduan. Parte-hartzaile kopuru altua eta batez ere aurkeztutako lanen maila ona azpimarratu nahi izan dute hirurek. Adierazi dutenez, “oso pozik gaude lehiaketak izan duen erantzunarekin, are gehiago bizi dugun egoera kontuan hartzen badugu. Neurriak zainduz gero, gauza asko antola daitezke. Mugimendua ere somatu da tabernetan, jendea gogoz dago. Eta gilden mailari dagokionez, tabernariak zoriondu nahi ditugu egin duten lanarengatik eta esfortzuarengatik. Maila polita egon da aurten ere.“.
Guztira 2.000tik gora lagunek eman dute botoa eta horien artean zozketatu dugun ASTEBURUKO EGONALDIA ITXASO LARREATEGIri egokitu zaio. Zorionak!!!