Armagiñak Eguna ospatuko da bihar, goizetik hasita gauera arte doan egitarauarekin
Armagiñak 1940 kolektiboak antolatuta, bihar Armagiñak Eguna ospatuko da, egun osorako prestatu duten egitarauarekin. Egunerako prestatu dituzten jarduerak goizeko 10:00etan hasiko dira, Amañako ikastetxean jokatuko duten futbito txapelketarekin. Izena eman nahi duenak, sare sozialen bidez edo zuzenean bertara joanda izango du horretarako aukera. Ondoren, 12:00etan, marianito-saioa egingo dute, Guridi tabernan, Local Bubbles Barakaldoko DJ-ak girotuta. Bertan klubeko pare bat kamiseta ofizial zozketatuko dituzte. Arratsalderako, berriz, kontzertuak antolatu dituzte, Eibarko Gaztetxean: 18:00etan Sheldon Brothers taldea arituko da (sarrera librea). Eta, 22:00etatik aurrera, Dirty Old Gasteiz, A Quemarropa eta Neallta Fola taldeek joko dute (7 euro). Kolektibotik adierazi dutenez, “egun osoa eibarzaletasun eta laguntasun giroan ospatuko dugu, eta eibartar guztiak gonbidatu nahi ditugu”.