Armeria Eskolari kupoia eskaini dio ONCE-k

Armeria Eskolari kupoia eskaini dio ONCE-k
2012/11/08 00:00
eta kitto!

Gaur (eguena, hilak 8) aurkeztu dute udaletxean ONCE-k Armeria Eskolari bere sorreraren mendeurrenarengatik eskaini dion kupoia Miguel de los Toyos alkateak, José Luis Novoa Armeriako zuzendariak eta Conchi de la Fuente Eibarko ONCEko zuzendariak. Azaroaren 19ko zozketarako kupoia da eta bertan Armeria Eskolaren eraikinaren irudia, mendeurrenaren kartelarena eta "Gure gero-gura gara!" eta “Eibar: 1912-2012” esaldiak ageri dira. Denera, Espainia osoan horrelako 5 milioi kupoi ipiniko dituzte salgai.
De la Fuentek kupoia erosten duten eibartarrei eskerrak emateko aprobetxatu du ekitaldia: “75 urte daramatzagu herritarren solidaritatea kalean jasotzen eta baita gizarteratzen ere. ONCE erreferente bilakatu da betetzen duen lan soziala medio eta pertsona desgaituei zuzendutako enplegua bultzatuz. Gizartearekiko dugun konpromezuari eutsiko diogu".
Eibarko ONCEren ajentziarenpean 68 saltzailek beharrean dihardute gaur egun Eibar, Debagoiena, Debabarrena eta Durangaldean. Gogoratu dutenez, "oraindik ere salgai dauzkate datorren domekarako ONCEren 11/11 ko Zozketa Bakarrararen kupoiak, zeinari esker 11 milioiko sariaz gain beste milioi bateko hamaika sari ere lortu daitezkeen". ONCEren produktuak interneten ere eskura daitezke, www.juegosonce.es webgunean.