Arnau Comas izango da SD Eibar taldearen fitxaketa berria
Neguko merkatua ixtear dago eta SD Eibarrek laugarren fitxaketa gauzatuko du datozen egunotan, Mundo Deportivo hedabideak jakinarazi duenez. Defentsa lanetan aritzen den Arnau Comas izango da fitxaketa berria eta Suitzako FC Basel taldetik lagata etorriko da denboraldi amaierara arte, eibartarrek denboraldi amaieran erosteko aukera izango dutelarik.
Comas atzelari handia da (1,91m) eta FC Bartzelonaren harrobian aritu zen hainbat urtetan. 2022/23 denboraldian FC Basel taldeak fitxatu zuen eta 43 partidu jokatu ditu Suitzako taldearekin. Bertan zuen protagonismo eskasaren ondorioz, Espainiako Ligako zenbait taldek (Espanyol eta Zaragoza) fitxatu nahi izan dute, baina badirudi azkenean Eibarrera etorriko dela.
Arnau Comas Eibarrek neguan egingo duen laugarren fitxaketa izango da Ivan Gil eta Javi Martinez erdilariak eta Alex Dominguez atezaina fitxatu ondoren. Horrela, Comas Aritz Aranbarri, Alvaro Carrillo eta Chemarekin lehiatu beharko da hamaikakoan tokia eskuratzeko.