Arrate bezperarako prestatu ditu ekitaldi gehienak Jaixak Herrixak Herrixandakok
Aurten zapatuan ospatuko da Arrateko jaietako bezpera eta, eguna aprobetxatuta, Jaixak Herrixak Herrixandakok egitarau zabala prestatu du, goizetik gauera.
Hasteko, Arratera 11:00etan hasiko dira oinez igotzen Eibarko Klub Deportiboarekin bat eta, Arratera helduta, 13:00etan, txupinazoa botako dute. 13:30ean trikipoteoa egingo dute eta 15:00ean bazkari herrikoia.
Herri bazkarirako tiketak gaur jarriko dituzte salgai, Guridi tabernan. Langabetuek 10 euro ordaindu behar dute eta langileek 12 euro.
Bazkalostean, 17:00etan, bingo musikatua egingo da eta 19:00etatik aurrera musika jartzen hasiko dira, Lokal Bubblesen eskutik.
21:00etan Brigada Morearen bilera egingo da. Dena dela, jaien aurretik ere bilera irekia egingo dute protokoloa zehazteko eta ekarpenak jasotzeko: irailaren 3an, 19:00etan, Kultun. “Edozein eraso ikusi edo jasan ezkero, ez izan dudarik: jo Brigada Moreko kideengana! Edo deitu gure telefono zenbakira: 643 21 30 46”, diote.
Bileraren ostean, 23:30ean, musikak ozen jarraituko du kontzertuen txandarekin. Mota ezberdinetako doinuak entzun ahal izango ditugu Arrateko zelaian Tapia eta Leturia Band, Inguma, Roba Estesa eta DJ M&M-en eskutik.
Kontzertuak amaitu ondoren, 03:30ean, irrintzi txapelketa egingo da, Arrate Egunaren bezperako egitarauari amaiera emanez.
Arrate Egunean, bestalde, presoen aldeko argazkia egingo da 12:00etan eta txosnak zabalik egongo dira egun osoan zehar.