Arrate deitzen diren emakumeen jaiak 30 urte beteko ditu domekan
Lehen ediziotik gaur arte hutsik egin ez duen Arrate Valenciagak azaldu digunez, domekarako ez dute aparteko ezer prestatu: “Urteroko plana egingo dugu. Batzuk oinez igoko gara, Ama Birjinaren pausoetatik, eta beste batzuk autobusez edo automobilez joango dira. Han elkartuko gara, 12:30ean ospatuko den mezan. Lore-ekaintza egin, buelta bat eman, zerbait hartu eta bazkaltzera joango gara”.
Hasierako urteetan jaiak oihartzun handia izan zuen, eta Eibartik kanpo bizi diren 'Arrate' asko animatu ziren parte hartzera, baina gaur egun elkartzen direnak Eibar eta ingurukoak izaten dira.
Jaiaren lehen edizioan, ostera, Arrate izeneko emakumeak elkartzeko ideiatik haratago, bazegoen beste helburu bat: Azitainetik gora, Arrateraino doan Ama Birjinaren Pausoen bidea berreskuratzea. Antzinako gurutze-bide edo santutxu horiek itxita zeuden, eta bide zaharra landarez eta oztopoz beteta zegoen. Hori dela eta, Arrate izeneko emakumeen talde batek Udalari eskatu zion pausoak eta bidea berreraikitzeko. Debemen elkartearekin batera egindako proiektu bati esker, 1997an pausoak berriro zabaltzea lortu zen. Eta, pausoen arteko bide zaharra hobetzeaz gain, Arrateko Amaren Pausoetan Jose Antonio Azpilikueta, Esther Galarza eta Jule Egaña artistek egindako lanak jarri zituzten.