Arrate Kultur Elkarteak antolatutako Ikus-entzunezkoen Astea ekainaren 30ean hasiko da
Arrate Kultur Elkarteak antolatuta, aurten ere ikus-entzunezkoekin gozatzeko aukera izango dugu. Ekainaren 30ean, eta uztailaren 1ean eta 2an izango dira emankizunak, lehena Arrate Kultur Elkartearen lokaletan, eta gainontzekoak San Andres parrokiako klaustroan Beti bezala, ez da sarrerarik ordainduko.
Ekainaren 30ean Komite antinuklearra Eibarren, Emi Aiastui Garciaren ordu erdiko lana emango dute, 19:00etan Arrate Kultur Elkartean. Eibarko Batzorde Antinuklearraren helburua herritarrei energia nuklearrak gure bizitzan izan zezakeen eragina azaltzea zen. Zentral nuklear horiek oso eremu txikian eta populazio-dentsitate handiko guneetan kokatuta zeuden, beraz, istripuren bat gertatuz gero, arriskua handia zen. Horren aurrean, Iberdueroren aurkako hainbat ekintza egitea proposatu ziren desobedientzia zibilaz: argindarraren fakturak ez ordaintzea, manifestazioak egitea, Itziarrera antolatutako martxan parte hartzea eta bestelako mobilizazioak.
Garai hartan egindako hainbat ekintza grabatu zituen Emiliok. Urte luzez gordeta izan dituen grabazio horiek digitalizatu ditu, eta haiei esker Lemoizko zentral nuklearraren aurkako mugimenduaren eta garai hartako mobilizazioen irudiak berreskuratu dira.
Uztailaren 1ean bi film labur emango dituzte, 22:00etatik aurrera, San Andres elizaren klaustroan. Hasteko, Gure bazter bazterrak, Dani Astarloa Aierberen 15 minutuko lana emango dute. Egilearen berbetan, “lan honek iruditeria horren eta sortzen ari garen egungo eszenatokiaren arteko distantzia agerian utzi nahi du. Arrakala hori murriztea, daukagunarekin onestak izatea. Bizi naizen herrialdearen hondatzea salatzen da, baina, batez ere, iruditeria idealizatu hori indartzen duten irudien nagusitasunaren aurrean, argazkiok, inguruneari begiratzeko beste ildo bat eman nahi dute”.

Jarraian, Desagertzen diren hitzen lexikoa, Iratxe Jaioren 11 minutuko lana ikusi ahalko da. Desagertzen diren hitzen lexikoa Iratxe Jaioren aitaren erretratu zinematografiko bat da. Memoria galtzen hasi zenean, aitak bere pentsamendu eta oroitzapenak erregistratzeari ekin zion; urte batean 14.000 argazki atera eta hainbat kaxa bete zituen oroitzapenekin eta euskarazko hitz-zerrenda eta esamoldeekin. Filmak bideo digitala eta Super-8 formatuan grabatutako materiala uztartzen ditu, aita biloben laguntzarekin iraganeko eszenak berriz bizitzen erakutsiz.

Azken egunean, uztailaren 2an, 20:00etan hasiko da 1:1 Eskala ikuskizuna, Olatz Salvador Zaldua eta Alaia Martin Etxebesteren eskutik (hau ere elizako klaustroan izango da). Geruzaz geruza gorputzetan pilatzen zaigun erruduntasunaz ari da 1:1 eskala. Erruduntasunari ihes egiteaz, erruduntasunaren atzetik korrika egiteaz, erruak erruteaz etengabe, gure kulturaren errutinaz. (Denon baina batez ere) Emakumeen* bizitzetan behin eta berriz errepikatzen den sentipena da kulpa; kanporatzeak lotsa ematen duenez, -akastun egiten gaituenez- barruan sedimentatzen dena, dena estali arte.
Olatz Salvadorrek eta Alaia Martinek ihesbide bat bilatu dute musikan eta hitzetan eta bere neurrira ekarri nahi dute errua, erlatibizatu eta eraldatu, onarpenaren pozera eta arintasunaren eskubidera itzultzeko. Paralisitik ateratzeko, ardurara.
