Arrateko jaiak ospatzeko herriko elkarte eta taldeekin elkarlanean antolatu duen egitaraua aurkeztu du Udalak

Arrateko jaiak ospatzeko herriko elkarte eta taldeekin elkarlanean antolatu duen egitaraua aurkeztu du Udalak
2023/09/05 15:21
eta kitto!
Aste honetako eguenean hasiko diren Arrateko jaien aurkezpena egin dute gaur goizean Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak eta Jose Luis Gonzalez Poxpolo Kultura teknikariak. Gogora ekarri dutenez, jai hauek ikasturte berriaren hasiera markatzen dute eta eibartar askorentzat topagunea ere badira. Antolatutako jai-egitarauaren berri ematen hasi aurretik, herriko erakunde eta elkarteei eskerrak eman dizkiete, “programa zabal bat osatu eta adin guztientzako jarduerak antolatzeko egin duten lanagatik eta inplikazioagatik”.

Jaiak irailaren 7an, Arrate egunaren bezperan hasiko dira ospatzen: meza, txupinazoa eta 19:00etatik aurrera herri-kirolak egingo dira. Gauean, berriz, …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako bertso-afaria egingo da Tiro Pitxon jatetxean, 21:00etatik aurrera. Eta zelaian, berriz, Kokein eta Sua taldeen kontzertua egingo da 22:30etik aurrera, txosnek antolatuta.

Lejardik Arrate egunerako prestatu duten egitaraua ekarri du gogora:  “Urtero bezala, Arrateko igoera egingo da, Ama Birjinaren pausoen bidetik, eta Zesteroko iturrian salda, txorizoa eta ardoa banatuko dira. Goizean meza nagusia izango da Santutegian eta Arrateko Amaren prozesioa eta dantzak, Kezka Dantza Taldearekin. Gainera, txistularien bandaren kalejira egongo da eta Jainaga eta Narbaiza trikitalariek Arrateko zelaian joko dute. Bertan izango dira, halaber, Telleria eta German Meabebasterretxea bertsolariak eta Kittonbolia”.

Arratsalderako ere ekitaldi ugari antolatu dira: Telleria eta Meabebasterretxea bertsolarien beste emanaldi bat, Asola Berri elkarteak antolatutako hiru txirlo txapelketa, dantza solte txapelketa eta berbena, Mugi Panderoa taldearen eskutik. Eta gauean, txosnek antolatuta, DJ saioa izango da HOFE, X 4:40 eta Opilak taldeekin, 23:00etatik aurrera.
Gainera, alkoholaren kontsumoari buruzko ‘Bete zaitez…, baina emozioz!’ informazio-kanpaina egingo da, alkoholemia-probak eginez.

Arrate eguna pasatu eta, jarraian, domekan bertan, Kofradiaren eta baserritar erretiratuen eguna ospatuko da. Simon Aldazabal lasterketaren 28. edizioa egingo da, meza nagusia bertsolariekin eta ondorengo prozesioa, paella-lehiaketa, eta idi-probak, Oliden, Soarte eta Iker Zubillagaren idi-pareekin.
Arrateko jai-egitaraua Eibarko Udalak antolatu du, Andirao, …eta kitto!, Betikuak eta Eibarko Klub Deportiboa elkarteekin batera.

Autobus zerbitzu berezia

Jaiak direla eta, hilaren 7rako zein 8rako doako autobus-zerbitzu berezia jarriko du Udalak, ordutegi zabal batekin, “Arratera joan nahi dutenei joan-etorri erosoa errazteko, eta ibilgailu partikularrik erabili beharrik ez izateko”.

Hilaren 7an (osteguna), Arrate bezperan, autobusak ordu erdiro abiatuko dira Ego Gainetik, 17:00etan hasi eta 21:30era bitartean. Jaisteko zerbitzua ere, ordu erdiro izango da, 17:30etatik 22:00etara bitartean.

Hilaren 7tik 8ra bitarteko goizaldean, berriz, igotzeko autobusak orduero abiatuko dira Ego Ggainetik, 01:00etatik 08:00etara bitartean. Eta jaisteko autobusak ere maiztasun horrekin irtengo dira, 01:30etik 08:00etara bitartean.

Barixakuan, Arrateko Amaren egunean, hamabi autobus egongo dira egun guztian joan-etorrian, etengabe. Toribio Etxebarria kaletik irtengo dira autobusak. Lehena goizeko 08:30ean izango da eta Arratetik jeisteko azkena 22:30ean.

Eta irailaren 8tik 9rako goizaldean ere egongo dira autobusak: Ego Gainetik abiatuko dira, orduero, 01:00etan hasi eta 07:00ak arte.