Arte martzial mistoen ikuskizun handia hartuko du Astelena frontoiak zapatuan
Astelena frontoiak Thermopylae ekitaldia jasoko du zapatuan, 16:00etatik aurrera. Bertan, arte martzialen hainbat disziplinatako borrokak egingo dira, hala nola MMA (hainbat arte martzialetako teknikak konbinatzen dituen disziplina), K1 (kickboxing modalitate bat, Japoniako karatearen eboluzioa), jiu-jitsu brasildarra eta grapplinga (jiu-jiutsua bezalakoa, baina kimonorik gabe).
Saioak lau ordu inguru iraungo ditu eta dagoeneko 700 sarreratik gora saldu dituzte, 1.000 lagunentzako tokia egongo delarik. Sarrerak zapatuan bertan erosi ahal izango dira, Astelenako leihatilan, baina ekitaldiaren antolaketaz arduratu diren Eibarko Topinburu – Inda Team eta Sakura Team, eta Bilboko SA Fight Company (SAFC) klubetan ere erosi ahal izango dira aldez aurretik. Sarrera-mota ezberdinak daude eskuragai, lehen lerrotik atzera eginez (35, 30, 25 eta 20 euro).
Ikuskizuna, ostera, ez da zapatura mugatuko, bihar 18:00etan borrokalarien pisaketa Untzagan egingo baita, harmailen aldean, ekitaldia herritarrengana gehiago hurbiltzeko asmoz.
Kirola, baina ikuskizuna batez ere
Gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu dute Thermopylae ekitaldia Topinburu – Inda Team, Sakura Team eta SAFC klubetako ordezkariek, Jon Iraola Eibarko alkatearekin eta Andoni Ameztoy kiroletako zinegotziarekin batera. Zapatukoa kirol ekitaldia izango dela aipatu dute, “baina ikuskizuna batez ere”.
Antolatzaileek hiru kluben elkarlana azpimarratu dute, arte martzial mistoen kirola sustatzea dutelako helburu. “Hazten doan kirola da, gero eta kirolari gehiago ditugu eta baita zaleak ere”, azaldu dutenez. Horrela, Eibarko borrokalariei herrian bertan lehian aritzeko aukera emango diete, “kanpora joan behar izan barik”. Gainera, Zaragozatik, Madrildik eta beste zenbait tokitatik ere borrokalariak etorriko dira. “Gero, ekitaldiaren promozioa egin dezatela nahiko genuke”, aitortu dute antolatzaileek.
18 borroka
Guztira 18 borroka egongo dira Astelenan eta bi izango dira borroka estelarrak. MMAan, 66 kiloko mailan, SAFC-ko Becerro eta Kuraiako Izadi arituko dira nor baino nor; eta K1-ean, 74 kiloko mailan, Inda Teameko Rios eta Araba Fight Clubeko Herruzo. Antolatzaileek adierazi dutenez, “errebantxa asko egongo dira, kontuak egin nahi dituztelako borrokalari batzuek”. Emakumezkoei dagokienez, Inda Teameko Sandra Rocha eibartarrak lehia handia biziko du Lizasoren aurka. “Biak dira Euskadiko Txapeldunak, baina pisu ezberdinetan. Orain, ikusiko dugu zein den nagusi”.
Beste borroketan, aipatutako taldeetako borrokalariez gain, Eibarko Ronin klubeko bi borrokalari ere egongo dira, eta hainbat izango dira herriko ordezkariak. “Oso gogotsu daude, eta baita urduri ere”, aitortu dute antolatzaileek. Gainera, profesionalek jasotzen duten tratua jasoko dute borrokalari guztiek. “Lehen mailako borrokalariak direla sentitzea nahi dugu”, azaldu dute. Horrela, borrokalari bakoitzari garrantzia emango diote eta bakoitza bere abestiarekin irtengo da.
Kirol hau ezagutzen duen jendeari oharra egiten diote: “Kolpe gogorrak ikusiko dira, baina borrokalariak oso ondo prestatuta daude hauek jasotzeko. Kolpe gogorragoak ematen dituzte entrenamenduetan!. Izan ere, borrokalarien kiroltasuna asko lantzen dute klubek eta zenbait balio igortzen saiatzen dira: osasuntsu egotea, errespetua, disziplina... “Klubek ezkutuko lan ikusgarria egiten dute”, aipatu du Ameztoy zinegotziak.